Berriak
Atzealdea Mezu xenofoboei kontra egiteko, Migratzeko Eskubidearen aldeko Astea
2024·12·05
Migratzeko Eskubidearen Aldeko Astean, indarrak batu dituzte Udalak eta AMHER-Sos Arrazakeriak aurten ere. Abenduaren 5etik 18ra, zenbait ekimen antolatu dituzte, adin ezberdinetako hernaniarrek migratzearen errealitatearen inguruan eta giza eskubide guztiak pertsona guztientzat aldarrikatzeko.
“Mezu xenofoboak azaltzen ari diren garai hauetan, baita Hernanin bertan ere, inoiz baino beharrezkoagoa da migratzeko eskubidea defendatzea”, adierazi du Itsaso Lekuona Lankidetza zinegotziak. Aurkezpena Migratzeko Eskubidearen aldeko Astearen baitan antolatu den Ihesa zilegi balitz kale-erakusketaren aurrean egin dute aurten Udalak eta AMHER-Sos Arrazakeriak.
‘Ihesa zilegi balitz’ kale-erakusketa
Gari Garaialdi eta Javi Julio fotoargazkilarien lana da Ihesa zilegi balitz, udal kiroldegiko pasealekuan (Latsunbe Berri) dagoena ikusgai.
Kale-erakusketa hau formatu handiko 46 argazkik osatzen dute, egunero pertsona migratzaileak egiten ahalegintzen diren bideak erakusten dituztenak: Irun, Melilla (Espainia), Lesbos (Grezia), Zarzis (Tunisia), Angers (Frantzia), Biella eta Pozallo (Italia) eta Mediterraneo itsasoan hartutako irudiak daude.
Abenduaren 30a arte egongo da ikusgai.
Liburu-aurkezpenak, solasaldiak eta Memoriaren maindirea, Kulturarteko Plaza Feministan
Gainontzean, Migratzeko Eskubidearen Aldeko Asteko lehenengo ekimena bihar izango da, Hernaniko Institutuko gaztetxoekin elkartuko baitira AMHER-Sos Arrazakeria elkarteko kideak, migrazioari buruzko hitz egiteko.
Hurrengo astean, Kulturarteko Plaza Feminista izango da neurri batean Migratzeko Eskubidearen aldeko aldarriaren erdigunea. Astelehenean (hilak 9, 19:00) Safia El Aaddam giza eskubideen aldeko ekintzaile antiarrazistak Hija de inmigrantes liburua aurkeztuko du.
Hain justu, hilaren 9tik 18ra, memoriaren maindirea josiko da Kulturarteko Plaza Feministan. Nahi duenak bertara joan eta migrazio politiken erruz hildako pertsonen izenak jostea izango da helburua.
Kulturarteko Plaza Feministan izango da Migratzeko Eskubidearen Aldeko Asteko azken ekimena ere: Han eta hemen laburmetraiaren emanaldia eta ondorengo solasaldia, hilaren 16an (19:00).
Abenduaren 12an kalera aterako da migratzeko eskubidearen aldeko aldarria
Migratzeko eskubidearen aldeko aldarriak kalea hartuko duen eguna hilaren 12a izango da. Hain justu ere, egun horretan elkartasun azoka, Migratzeko Eskubidearen aldeko Martxa eta migrazio politiken erruz hildako pertsonen aldeko lore-eskaintza izango dira.
Abenduaren 10a Giza Eskubideeen Nazioarteko Eguna da. “Migratzea ere giza eskubide bat dela gogora ekartzeko batuko ditugu indarrak”, azaldu dute Udalak eta AMHER-Sos Arrazakeriak.
EGITARAUA:
Abenduak 5, osteguna: AMHER-Sos Arrazakeriaren hitzaldiak migrazioari buruz (Hernani BHIn).
Abenduak 9, astelehena: Liburu aurkezpena: Hija de inmigrantes, Safia El Aaddam (Kulturarteko Plaza Feminista, 19:00).
Abenduak 9-18: Memoriaren maindirearen joskintza (Kulturarteko Plaza Feminista).
Abenduak 12, osteguna:
Merkatua (Atsegindegi, 10:30-12:00).
Migratzeko eskubidearen aldeko martxa (Atsegindegitik, 12:30).
Lore-eskaintza (Karabeleko zubia, 13:30).
Abenduak 16, astelehena: Han eta hemen laburmetraia eta identitate aniztasunari buruzko solasaldia (Kulturarteko Plaza Feminista, 19:00).
Abenduak 30 arte: Ihesa zilegi balitz argazki-erakusketa (Latsunbe Berri pasealeakuan).