Berriak
Atzealdea

Migratzeko eskubidea, aldarri eta konpromiso

Gaur, abenduak 10, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna da eta abenduaren 18a, Pertsona Etorkinen Nazioarteko Eguna. Horren harira, Hernani harrera herria izateko herrian egiten den lana, eta batez ere, aurrera begira lanean jarraitzeko konpromisoa mahai gainean jartzeko egun egokiak direla uste dute kulturartekotasuna sustatzen ari diren eragileek.

2021·12·10


Nazioartean giza eskubideen inguruan seinalatuak diren bi data gainean ditugula baliatuta, kulturartekotasuna sustatzeko lanean ari diren eragileek -udala, AMHER elkartea- aurkeztu dituzte eskuartean dituzten zenbait egitasmo eta helburu. Horiekin batera, gai horrekiko sentsibilizazioa areagotzeko asmoz prestatu duten egitarauaren berri ere eman dute. Itsaso Lekuona zinegotziak, Irantzu Jauregi arloko teknikariak eta Fátima Fernández AMHERreko ordezkariak agerraldia egin dute. 

Eremu honetan, Hernaniko udalak migratzeko eskubidea oinarri hartuta, herritar berriei harrera egiteko ahalik eta baliabide duin eta osoenak eskaintzeko konpromisoa berresten du. Horren adibide dira onartu berri dugun Harrera Plana, honekin lotuta sortuko den Harrera Integralerako Bulegoa, AMHER-SOS Arrazakeriarekin dugun hitzarmena, edota Kulturartekotasuna sustatzeko eta arrazakeriaren kontrako espazioak sortzea, Kulturarteko Plaza Feministaren kasuan. 

Bestalde, giza eskubideen nazioarteko egunaren harira, "gogor salatu nahi dugu Europa alanbrez josi izana, mundua bereizi nahi horretan, milaka herritarrentzako hilerri bilakatu baitira mugak", esan du Itsaso Lekuona Kulturartekotasun Arloko zinegotziak. Halere, errealitate gordin horren aurrean, "ezin dugu beste aldera begiratu, etxe atarian, gure herriko mugetan, zehazki, Irun-Hendaia mugan jada zazpi lagun hil direlako, muga pasatzeko ahaleginean. Erakundeok badugu konpromiso eta egitekorik harrera-politika duinak eta integralak garatzeko, eta horretarako guztien arteko koordinazioa eta konpromisoa ezinbestekoak dira", erantsi du Lekuonak. 

Horrez gain, "uste dugu kulturartekotasunaren aldeko lana, estuki lotua dagoela jendartean zein erakundeetan dagoen arrazakeria sistematikoaren aurka egin beharreko bidearekin, eta horretarako sentsibilizazioak gakoetako bat izaten jarraitzen du.  Horregatik, Hernanin, hainbat ekimen antolatu ditugu AMHER – Sos Arrazakeriarekin elkarlanean, bai migratzeko eskubideaz, bai arrazakeriaz", gogorarazi dute udal ordezkariek.

EGITARAUA

Hala nola: migrazioak eta klima aldaketaren inguruko hizaldia, Miguel Pajares antropologo eta migrazioetan adituaren eskutik (abenduak 13);  Paseko Txoriak dokumentala, Juanmi Gutiérrezena (abenduak 15); “Fahim” filma Migrazineman, gaztelekuan (abenduak 17); AMHER-SOS Arrazakeriaren hitzaldiak Hernaniko etorkinen egoerari buruz Hernaniko Institutuan (abenduak 13-14). Horrez gain, erakusketa bat “Emakumea, migrantea eta bizilaguna”, ikusgai egonen dena Kulturarteko Plaza Feministan. 

Azkenik, abenduaren 15ean, 19:45 Zinkoeneatik abiatuta martxa Karabeleko zubira,  migrazio bidean izandako hilketak salatzeko. 

Horiek horrela, "dei egiten diegu Hernaniko herritarrei ekimenetan parte hartzera eta, bestetik, Hernaniko Udaletik gure konpromisoan berresten gara, Hernani harrera herri izan dadin, baliabideak integralak eskaintzeko, besteak beste", ohartarazi du Lekuonak.