Berriak

Atzealdea Migratzeko giza eskubide unibertsala aldarrikatzeko astea

Abenduaren 9tik 18ra hamar ekitaldi antolatu dituzte Udalak, AMHER-ek eta Zurrumurruen Aurkako Sareak

2025·12·02


Migratzeko eskubidearen alde, hainbat ekintza izango dira abenduaren 9tik 18ra gure herrian, Hernaniko Udalak, AMHER-ek eta ZAS! Zurrumurruen aurkako Euskadiko sareak antolatuta. 

Aurten, egitaraua indartzeko ahalegina egin dute antolatzaileek. "Gizartean orokorrean, eta gure herrian ere bai, azken aldian ikusi ditugun jarrera arrazisten aurrean, aldarrikapen honek kalea hartzea ezinbestekoa iruditzen zaigu", adierazi du Itsaso Lekuona Kulturartekotasun zinegotziak. 

Hitzaldiak, dokumentalak, solasaldiak, erakusketak eta ongietorri ekitaldia izango dira, besteak beste. 

"Hernanin daukagun aniztasuna balorean jarri eta, Hernanira handik eta hemendik heldutako herritarrei ahalik eta harrera egokiena egitea dagokigu", adierazi du Lekuona zinegotziak. 

Memoria ariketa kolektibo bat bizitzaren alde

Aurten ere, memoriaren maindirea josteko ekintza kolektiboa aurrera eramango da aste guztian zehar, Kulturarteko Plaza Feministan. Maindire horrek migrazio politikek eraildako pertsonak oroitzea du helburu, haien izenak josiz. "Bizitza guztien aldeko memoria ariketa bat da", gaineratu du Lekuonak. 

Migratzeko eskubidearen aldeko martxa ere izango da. Egun horretan, guztien artean jositako maindire hori kalera atera eta migratzeko eskubidearen aldeko aldarrikapena egingo da (Zinkoeneatik). 

Migratzea, giza eskubide unibertsal bat

Migratzea Giza Eskubide aitortu bat da. Halaxe dio 1948an onartutako Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak. 

Hain zuzen ere, aurtengo erakusketa giza eskubideen eta, pertsona migratu eta arrazioalizatuengan urratzen diren giza eskubideen ingurukoa izango da. 

Urbieta kalean egongo da erakusketa, eskubide hauek jasotzen dituzten artikuluak eta hauen urraketak ikusarazteko. AMHER-ek sortutako erakusketa da. 

EGITARAUA