Berriak
Atzealdea

Migrazioa eta giza eskubideak izango dira jardunaldien ardatzak

Abenduaren 10ean Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala gogoratzen da nazioartean, eta abenduaren 18a, berriz, “Migranteen Nazioarteko Eguna” da. Bi data horiek kontuan izanda, hainbat ekimen antolatu dira Hernani, giza eskubideen urraketa ezberdinak ikusarazi eta salatzeko asmoz. Hala, abenduaren 10etik 18ra baloreen inguruko tailerra, erakusketa, liburu baten aurkezpena, zinema lan batzuk eta antzezlan bat izango dira Hernanin.

2019·12·09


Duela 5 urte hasi ziren elkartzen hainbat elkarte edo eragile modu batera edo bestera elkarlanean aritu izan direnak, HERNANI SOLIDARIOA jardunaldiak antolatzeko. Helburua hauxe izan da, elkartasuna eta lankidetza sustatzea, pertsona solidarioek eta, bereziki, etorkinek Hernaniri egiten dioten ekarpena nabarmentzeko asmoz.

Abenduaren 10ean Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala gogoratzen da mundu osoan, eta abenduaren 18a, berriz, Migranteen Nazioarteko Eguna da. Bi data horiek kontuan izanda, hainbat ekimen antolatu dira, giza eskubideen urraketa ezberdinak ikusarazi eta salatzeko asmoz. Zoritxarrez giza eskubideen urraketa hauetako asko beste herrialdeetatik gure herrira etorritakoek oso modu nabarmenean jasan dituzte.

Aurten egitaraua AMHER-SOS Arrazakeriak, STOP Kaleratzeak eta Udaleko Kulturartekotasun eta Gazteria arloak antolatu dute elkarlanean, Urumea Herri Gunearen laguntzarekin.

EGITARAUA

Egitaraua abenduaren 10an hasiko da. 17:00etan, Gaztelekuan, “Balore Solidarioak” tailerra izango da; 17:30ean, Biteri Kultur Etxean, berriz, abenduaren 20 arte ikusgai izango den erakusketaren inaugurazioa izango da. “Bide bat argirantz” izena du erakusketa honek eta Pakistandik etorritako Neiha Ahmad hernaniarraren lanak erakusgai izango dira.

Erakusketa honen bidez, artista honek “ahotsa jarri nahi die inoiz entzuten ez ditugun ahots horiei, eta, horren bidez, gertatzen ari dena salatu eta pertsona bakoitzak aldaketa sozialerako duen ardura nabarmentzea da helburua.

Berak dioen bezala “mundu honek ez ditu mugak behar, baizik eta gure artean elkar errespetatzeko maitasuna”.

Abenduaren 11an, bestalde, Mikel García Idiakez Argia aldizkariko kazetariak Pape Niang senegaldarrarekin idatzitako liburuaren aurkezpena izango da. Bertan Pape Niangen migrazio istorioa kontatzen da. Aurkezpenean kazetaria zein istorioaren protagonista bertaratuko dira. Aurkezpena euskaraz izango da nagusiki eta gaztelerarako itzulpena ere izango da bertan. Liburu hau Inor ez da ilegala ekimenaren baitan atera da eta Hernaniko Udalak diruz babestutako liburua da. 

Abenduaren 13an eta 17an, berriz, Zine eta Migrazioen Nazioarteko 2019ko Jaialdiko luzemetrai zein laburmetraiak ikusi ahal izango dira.

Azkenik, abenduaren 18an, jatorri magrebiarreko gazteek egindako antzerki bat ikusi ahal izango da Urumea Herri Gunean. Horretaz gain, Migranteen Nazioarteko Eguna dela gogoratuz, eta jardunaldien bukaera gisa, hainbat testu irakurriko dira eta mokadu bat ere jateko aukera izango da.

Hernani, elkarbizitza eta elkartasun sareak sustatzen eta sostengatzen dituzten pertsona eta elkarte askori esker, herri bidezkoagoa dela ikusarazi nahi dugu.

Kartela