Berriak
Atzealdea

Bazterketa arriskuan dauden pertsonak laguntzeko mikrokredituen egitasmoak sei urte bete ditu

Hernaniko alkate Xabier Lertxundik, Nekane Idarreta Finantza Etikoak elkarteko ordezkariak eta Stop Kaleratzeak eta Amher elkarteetako ordezkariek aurkeztu dute gaur mikrokredituen sei urteko ibilbidearen emaitza.

2022·05·26


2016an hasi zen mikrokredituen egitasmoa. Stop Kaleratzearen ekimenez, Hernani Erabaki partaidetzako aurrekontuetan aurkeztu eta herritarrek babestutako proposamena izan zen. Horren helburua zen bazterketa arriskuan egon daitezkeen pertsonei oinarrizko gastu bati aurre egiten laguntzeko asmoz, mailegu bat ematea 5 urteko epean eta interesik gabe itzultzeko.

Hasiera hartan 30.000 euroko ekarpena egin zuen Udalak. Eskaerak kudeatzeko eta ematen dituen maileguen jarraipena egiten du Udalak orduko Fiarerekin -egun Finantza Etikoak- sinatu zuen lankidetza-hitzarmen bat. 2024ra arteko indarraldia du hitzarmen horrek.

Sei urte hauetan, 36 mailegu eman dira eta diru-funtsa ere pixkanaka-pixkanaka elikatzen joan da Udala. Egun, 90.000 euroko funtsa dago. Funtzionatzeko moduan ere egokitzapenak egin dira eta hasieran 6.000 euro arteko maileguak emateko aukera zegoen arren, esperientziak erakutsi du kopuru txikiagoak eskatuz gero, itzultze-plana egiteko aproposagoak direla eta, hortaz, 4.000 euroan ezarri da muga.

Eskaerak hhz-n eta hernani.eus webgunean (tramiteak, gizarte zerbitzuak) egin daitezke. Ondoren, Finantza Etikoak elkarteak jasotzen ditu eskaerak eta herritar talde batzuek sortutako batzorde bat aztertzen ditu. Stop Kaleratzeak eta Amher elkarteak ere osatzen dute batzordea. Baldintzak betetzen baditu, mailegua ematen zaio eta modu pertsonalizatuan adosten dira kuotak eta itzultzeko denbora.

Batzutan, ezohiko egoerak tarteko, planifikazioan aldaketak egin behar izaten dira, baina egitasmo horren filosofiaren baitan dago aukera hori: pertsona bakoitzari egokitutako itzulketa plana egitearena. ”Pandemia garaian sortutako krisialdiaren eraginez, esaterako, indarrean zeuden zenbait mikrokredituren baldintzak berrikusi behar izan ditugu norberaren egoerara moldatzeko”, jakinarazi du Nekane Idarreta Finantza Etikoak elkarteko ordezkariak.

Informazioa, eskaerak eta baldintzak