Berriak
Atzealdea
Mintzodromoan izena emateko epea irekiko da astelehenean
Elkarrekin euskaraz aritzeko saioa azaroaren 29an izango da
2023·11·10
Hernaniko Udal Euskaltegiak Mintzodromoa antolatuko du aurten ere, Euskararen Egunaren harira. Aurtengoan azaroaren 29a izango da, Milagrosa eraikinean (10:00etatik 11:00etara) eta izena emateko epea datorren astelehenean, azaroaren 13an irekiko da.
Aurtengoa Hernaniko Mintzodromoaren zortzigarren edizioa izango da. Iaz 60 pertsona inguru elkartu ziren Biteri Kultur Etxeko areto nagusian, giro ederrean euskaraz hitz egitera mahaiaren bueltan: euskara ikasleak, herritar euskaldunak, ikasleak...
Elkarrekin une atsegina pasatzeaz gain, helburu hauek ditu Mintzodromoak: euskara ikasten ari direnak euskaraz hitz egitera animatzea; euskaraz jakin arren, euskaraz aritzeko aukera gutxi duenari aukera horiek ematea; euskalduna izan arren, ohituraz gutxi egiten duenari motibazioa areagotzea... “Azken batean, elkarrekin euskaraz aritzea”, adierazi dute Udal Euskaltegitik.
Udal Euskaltegitik parte hartzeko deia egin diote euskara ikasleei eta baita euskaldunei ere: “Euskara ikasten ari bazara edota jakin, baina gehiegi egiten ez baduzu, aukera ederra duzu praktikan jartzeko; egunerokoan euskaraz egiten baduzu ere animatu, oso aberasgarria da-eta dakizuna ikasten ari direnekin konpartitzea”.
Parte hartu nahi dutenek azaroaren 13tik 24ra izango dute izena emateko aukera Hernaniko Udal Euskaltegira idatzita (euskaltegi@hernani.eus) edo deituta (943 33 18 96; astelehenetik ostiralera, 09:30etik 14:00etara).