Berriak
Atzealdea Mugaz gaindiko Tantaka proiektuan parte hartuko du Hernaniko Udalak
Urumea ibaiaren inguruko espazioetan lanketa ahalbidetuko du Euroeskualdeko proiektuak
2023·10·05
Tantaka egitasmoan parte hartzeko hitzarmena sinatu du Hernaniko Udalak, Bidarraiko Udalarekin eta Nafarroako Gobernuko NASUVINSA erakunde publikoarekin elkarlanean aritzeko.
Euroeskualdeko ibai-eremuen garapen iraunkorra bultzatzea du helburu nagusi mugaz gaindiko proiektu honek. Zehazki, Urumea ibaia eta Bastan ibaiaren kudeaketa eta garapen iraunkorren lanketa koordinatua gauzatzea ahalbidetuko du.
Elkarlana uztailaren 20an hasi bazen ere, atzo sinatu zen hitzarmen ofiziala Hendaian. Xabier Lertxundi alkateak eta Tamara Zapiain Ingurumen teknikariak ordezkatu zuten Hernani.
Tantaka egitasmoaren helburua espazio naturalen errespetuzko erabilera sustatzea da, garapen iraunkorra ardatz. Hernaniren kasuan, Urumea ibaiaren bainurako inguruko espazioetan gauzatuko dira Tantakako jarduerak. Horretarako, jarduera teknikoez gain, erabiltzaileen artean sentsibilizazio eta kontzientziazio jarduerak egingo dira.
Guztira, 59.768 €ko aurrekontua izango du Tantaka proiektuak.