Berriak
Atzealdea

Mugikortasun jasangarriaren alde, beste keinu bat

3
Trafikoak sortutako kutsadurak kalte handia eragiten du aire kalitatean. Kutsadura hori ahalik eta txikiena izateko motordun ibilgailuak ez erabiltzea da irtenbiderik onena. Dena den, horiek erabiltzen direnean, ibilgailu elektrikoen eta hibridoen erabilera sustatzea lagungarria da. Hori dela eta, Udaltzaingoarentzako bi ibilgailu hibrido eta erabilera anitzeko ibilgailu elektriko bat erosi berri ditu Udalak.

2020·01·03


Bi ibilgailu hibrido eta elektriko bat eskuratzeaz gain, herritarrek ere mota horretako ibilgailuak erostea bultzatu nahi du Udalak zerga hobarien bidez. Izan ere, joan zen irailean onartutako tasen eta zergen ordenantzan jasotzen dira ibilgailu horietarako hobariak: indarrean dagoen ordenantzan %95eko hobaria dute, bost urtez. Ibilgailu hibridoen kasuan, %75eko hobaria dute, hiru urtez.  

Ingurumena zaintzea Hernaniko Udalaren zutabe nagusi bat da. Udal eraikinetan energia aurreztea eta ahal den heinean berriztagarriak izateko lanean ari da azken urteotan eta emaitza onak ari da lortzen. Kaleko argiztapenean, esaterako, LED sistema ezartzen ari da pixkanaka-pixkanaka eta horrek ere kontsumoa murrizten laguntzen du. Ikastetxeetan ere Euronet 50/50 programa martxan jarri du hiru ikastetxetan energia modu arduratsuan kontsumitzeko helburuz. Eta beste udal eraikinen kontsumoa eta fakturak murrizteko sistemak ere ezarri ditu Udalak.

1 2 3