Berriak

Atzealdea Mugikortasun jasangarriari buruzko ondorioak, konpromisoak eta eskaera zehatzak aurkeztera etorri dira Hernaniko ikasleak udaletxera

Eskola Agenda 2030ean egindakoaren berri eman diete udal ordezkariei

2025·05·21


Hernaniko Udaleko udalbatzar aretoa Aratz, Elizatxo, Hernani BHI, Langile, Txirrita eta Urumeako ikaslez bete da gaur. Xabier Lertxundi alkateak eman die ongietorria udaletxera herriko ikasleei. Izan ere, Eskola Agenda 2030eko Udal Foroa izan da gaur.

Aurtengoan, mugikortasun jasangarriaren gaia landu dute Hernaniko ikastetxeetan. Lehen Hezkuntzan, eskoletara nola joaten diren eta nola joan nahiko luketen landu dute. DBHn, berriz, bizikleta-bideak eta bizikletaren erabilera, eta erosketak egiteko mugikortasun ohiturak aztertu dituzte.

12 ondorio, beste hainbeste konpromiso eta 11 eskaera

Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasle ordezkariek 12 ondorio, beste hainbeste konpromiso eta 11 eskaera zehatz egin dizkiete Udal ordezkariei.

Azterketa lanak egin ondoren, hainbat ondorio atera dituzte: herri barruan gehienetan oinez egiteko moduko distantziak daudela ikastetxeetara; semaforo eta zebra-bideak ez daudela egokituak ikusmen edo entzumen arazoak dituztenentzako; merkataritza txikiaren gutxitzea; espaloi falta Osiñagan; bidegorri sarea eta herrien loturen arteko falta; garraio publiko linea batzutan maiztasun txikia; auto elektrikoak kargatzeko puntu gutxi eta bizikleten aparkaleku kopurua txikia.

Horiei konponbidea jartzeko, hainbat konpromiso hartu dituzte. Besteak beste: “Oinez mugitzea; ikusmen edo entzumen arazoak dituztenei bidea gurutzatzen laguntzea; bizikletaren erabilera egokia eta handiagoa egitea; garraio publikoa gehiago erabiltzea edo familiak erosketak denda txikietan egitera animatzea”.

LHko ikasleek udaltzain gehiago eskatu dituzte bidegurutzeetan

Ikasleek egin dituzten eskaera zehatzak adi-adi entzuten dituzte udal ordezkariek eta teknikariek. “Lehen Hezkuntzako ikasleok eskatu nahi dugu udaltzainak jartzeko trafiko handia dagoen bidegurutzeetan; ez uztea Aratzen aurrean espaloian aparkatzen; ikusmen arazoak dituztenentzako puntutxoak jartzea zebra-bideetan eta Ereñotzuko espaloiak konpontzea”.

Xabier Lertxundi alkateak azaldu die “Udala Mugikortasun Plana egiten" ari dela. "Horrekin, aztertuko dugu udalerri osoan nola mugitzen garen oinezkoak, bizikletak eta autoak eta nola hobetu daitekeen oinezkoentzako eta txirrindentzako erosoagoa izateko”.

“Zuek ere gurasoak animatu ditzakezue autoa gutxiago hartzera eta gaizki ez aparkatzera eskola atarian”, animatu ditu Axier Mingo Euskara eta Hezkuntza zinegotziak. “Bidegurutze batzuetan egoten dira udaltzainak, baina ezinezkoa da denetan egotea”, onartu du.

Era berean, “desgaitasuna duten herritarrekiko egitekoa badugu, ez soilik mugikortasunean”, aitortu du. Azkenik, Ereñotzuko auzo udalari ere egindako eskaerak helarazteko konpromisoa hartu dute udal ordezkariek.

Galarreta-Errekalde bidegorri sarearen hobekuntza, “primizian”

DBHko ikasleek eskaera konkretu hauek egin dituzte: “Elizatxo ikastolan bezala, trafikoa moztea beste ikastetxeen sarrera-irteeretan; denda txikietan erosteko aparkaleku irisgarriak eskaintzea erosleei; Osiñagan espaloia egitea; herri barruko eta herrien arteko bidegorri sarea osatzea; Hiribus berria erostean ibilgailu handiagoa izatea; auto elektrikoak kargatzeko gune gehiago jartzea; bizikletentzako aparkaleku itxi eta babestu gehiago jartzea; bigarren eskuko bizikleten denda bat irekitzea eta alokairu zerbitzua jartzea, eta autobus linea batzuen maiztasuna handitzea, bereziki Ereñotzura eta Garberara doazenak”.

Itsaso Lekuona Berdintasun eta Kulturartekotasun zinegotziak aipatu du Elizatxoko ereduak “oso balorazio positiboa” duela, “eta horregatik gauza bera egiten hasi gara Langile ikastolan, Laubidietan. Burutan daukagu Sandiusterri inguruan ere antzeko zerbait egitea, baina ez da erraza, bertan adinekoen Eguneko Zentroa dagoelako eta ezin delako haien furgonetei bidea itxi”.

Axier Mingo zinegotziak garraio publikoaren ingurukoak erantzun ditu. “Hiribusaren tamaina oso ongi pentsatuta dago, herri barruko kale eta mugikortasun arazoak dituztenengan pentsatuz”. Horrez gain, ikasleei azaldu die Hernanitik kanpora doazen autobus lineen ardura Gipuzkoako Foru Aldundiarena dela, “nahiz eta harremanetan egoten garen hobekuntzak lortzeko”. Ereñotzuko linea hobetzeko hitz egiteko prestutasuna adirazi du, “baina pazientzia eskatzen dizuegu”. Honekin lotuta, Patxi Ibarguren Tokiko Garapeneko zinegotziak adierazi die “merkataritza txikia eta aisialdia ere herrian bertan sustatu nahi ditugu guk, uste dugulako hori dela denontzat onena, beraz, kontraesana izango litzateke merkataritza zentro handietara lineak gehitzea”. Era berean, Aitor Lukas Partaidetza zinegotziak azaldu die “Udalak ezin” duela “dendarik ireki, baina bizikleten alokairu proposamena inguruko herriekin batera lantzeko aproposa izan liteke eta aparkatzeko gune gehiago jartzea ere bai”.

Xabier Lertxundi alkateak bidegorri sarearen hobekuntzaren inguruko albiste onak ere eman dizkie ikasleei, primizian: “Epe motzean hasiko dira Galarreta-Errekalde lotzeko lanak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Lanek bi urte inguru iraungo dute, baina gero Chillida Lekura, Lasarte-Oriara eta Antiguara joateko aukera seguruak izango ditugu”.

Denon artean, eta inor atzean utzi gabe” egin beharreko lana

Ikasleek iragarri dutenez, hurrengo ikasturtean ere mugikortasun jasangarriaren gaia lantzen jarraituko dute Eskola Agenda 2030en baitan. “Gaian sakontzeko eta partaidetza atala martxan jartzeko baliatuko dugu”, azaldu dute. Dagoeneko aurreratu dute: “Planak aurrera eramateko Udalaren laguntza beharko dugu”.

Herri jasangarri bat “denon artean eta inor atzean utzi gabe” eraikiko dutela baieztatu dute Hernaniko ikasleek eta Udalak. Izan ere, Xabier Lertxundi alkateak hasieran esan dien moduan: “Zuek bakarrik ezin dituzue gauza batzuk egin, baina udalak ere ezin du bakarrik gauza askotara iritsi. Denon artean egin behar ditugu hobekuntzak eta ohitura aldaketak”.