Berriak
Atzealdea

Neguko oporrak herrian igarotzeko adin guztietarako eskaintza

Neguko oporrak gerturatzen ari dira eta, urtero bezala, Udalak eskaintza berezia du garai hauek familia artean modu aktiboan eta jostagarrian gozatzeko. Abenduaren 21etik urtarrilaren 4ra bitartean agenda betea datorkigu.

2019·12·17


Jende asko erakarri ohi duen ludoteka jarriko da aurten ere kiroldegian. Lau egunez, gainera. Jarduera fisikoa egiteko jolasez gain, tarteka atseden hartzeko parada izango dute haurrek eta zer hobeto indarrak hartzeko tarte hori irakurtzeko aprobetxatzea baino.

Horretaz gain, haurrentzako zinea, antzerkia eta musika ere izango dira: “Kikoriki” eta “Elkano. Lehen mundu bira” pelikulak, zinearen atalean, eta “Burbuilak” eta “Lau urtaroak: zer ziren eta zer dira!”, antzerkian.

Argigrama familiarentzako lantegiak, komiki tailerrak eta Liburutegian jarri ohi duten zuhaitzaren joko-lehiaketak osatzen dute egitaraua. Lehiaketaren aurtengo gaia “Kaxkoko dendak: lehen eta orain” da. Saria izango du, gainera, denden iraganeko pasadizoetan murgiltzeak. Galdera batzuk daude eta ondo erantzuten dituenen artean herriko liburudendetan erabiltzeko 60 euroko hiru eros-txartela zozketatuko dira.

12-17 urteko gazteentzat egitarau berezia prestatu du Udalak. Aspertzeko astirik ere ez dute izango. Txistor jana, parkour ikastaroa, sormen tailerra, izotz patinajea, kartinga, mugikorretik kopia analogikoak egiteko tailerra... ekintza horiek guztiak izango dira nerabe eta gazteen eskura.

Egitaraua