Berriak
Atzealdea Neguko Oporrak gozatzeko, 40 ekitaldi
2025·12·05
Neguko Oporrak hurbiltzen ari diren honetan, aurten ere Udaleko sailek indarrak batu eta eskaintza zabala antolatu dute, batez ere haur eta gaztetxoentzat. Haur, Nerabe eta Gazteria sailaren, Kultura sailaren eta, Jarduera Fisiko eta Kirol sailaren elkarlanari esker, Hernanin 40 ekintza antolatu dituzte abenduaren 12tik urtarrilaren 5era.
Egitaraua abenduaren 12an hasiko da, gaur zortzi, urteko azken Hartu kalea!-rekin. Gabon giro betekoa izango da. Izan ere, Maridomingiren etxola jarriko da Plaza Berrian eta gaztainak banatuko dira. Horrez gain, Kantuz kalez kale ere ibiliko dira Kaxkoan eta haurrentzako salto-saltoa irekiko da, Zinkoenean.
Jarduera fisikoa, kultur-ekintzak, tradizioa, zientzia... Gustu guztientzako ekintzek izango dute tokia. Gaztelekuak ere eskaintza berezia prestatu du 12-18 urte arteko gaztetxoentzat eta udal liburutegiak antolatzen duen Asmazank lehiaketa, aurtengoan, Hernaniko kirolariei buruzkoa izango da.
Olentzero eta Maridomingi aurten ere iritsiko dira herrira
Egitarauan, Maridomingi eta Olentzeroren etorrera ere badago, abenduaren 24an, haurren gozagarri. Aurten ere, Ttarla dantza taldearen laguntzarekin iritsiko dira biak Hernaniko kaleetara, kalejiran.
Zineklubak saio berezia programatu du Neguko Oporretarako, familientzako: Gremlins filma emango du euskaraz.
Ekintza gehienak haur eta gaztetxoentzako izango badira ere, eta beste batzuk familian egitekoak, helduentzako eskaintza ere izango da: Jurgi Ekizaren bakarkako kontzertua.
Ekimen bakoitzaren xehetasunak biltzen dituen egitaraua herriko ikastetxeetan banatu da (Haur Eskola, Aratz ikastola, Elizatxo ikastola, Hernaniko institutua, Langile ikastola, Txirrita eskola eta Urumea ikastolan). HHZn eta Biteri kultur etxean ere eskuratu daiteke.


