Berriak
Atzealdea

Neguko oporretan haurrak eta nerabeak berotzeko moduko egitaraua, prest

Negura gerturatzen ari garen honetan, eta urte amaierako opor egunak ere gero eta gertuago ditugunean, plan ugari aukeran dituzte Hernaniko nerabeek eta haurrek. Urtero moduan, ikasleen oporraldiekin batera, udaleko zenbait sailek elkarlanean antolatzen dute abendua eta urtarrileko egunetarako zenbait ekintza.

2022·12·15


Jarduera Fisikoa eta Kirol Sailak, esaterako, haurrentzako ohiko ludoteka antolatuko du, urtero bezala, kiroldegian, hilaren 26-28ra bitartean.

Nerabeek, ostera, irudimena eta sormena lantzeko aukera izango dute komikigintza, argigrama eta serigrafia tailerrei esker. Artearekin lotuta ere, graffity tailerra antolatu dute Gaztelekuan. Neguko oporren apaingarriak egiten animatzen denak ere badu aukera.

Gaztelekuko egitaraua osatzen dute ping-pong txapelketak, funky eta hip-hop edo muralgintza tailerrak, txistor-jateak, sukaldaritza tailerrak... finean, eskaintza zabala eta gustu anitzekoa.

Kultur Sailaren proposamenak antzerkiarekin lotuta daude. Izan ere, Kattagorriaren elezarra eta Pintto Pintto antzezlanak taularatuko dira Biteri kultur etxean. Musikarako tartea ere izango da, Izaroren kontzertua izango baita. Limones de oro lana aurkeztuko du kantari mallabiarrak kiroldegian, hilaren 30ean. Ekitaldi jendetsua izango da, zalantzarik gabe, sarrera guztiak salgai jarri eta berehala agortu baitziren.

Familia osoarentzako ekintza izango da Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, hilaren 24an. Aurten, gainera, berritua datorkigu. Ttarla dantza taldearen lekukoa hartu du Udalak eta aurtengoak auzoz auzo kalejira egingo du. Zinkoeneatik abiatuta.