Berriak
Atzealdea

Nerabeak protagonista “Ez izan meme” sentsibilizazio kanpainan

Nerabeak jomugan duen sentsibilizazio kanpaina bat abiatu du Udaleko Gazteria Arloak. Batetik, kanpainak arreta jarri nahi du kolektibo hori nola bizitzen ari den pandemiaren ondorioz gure bizimoduan egon diren aldaketa guztiak. Bestetik, muga eta arau zorrotz horiek nerabe batzuengan sortu dituen frustrazioak nola bideratzen laguntzea da kanpaina honen helburua. Kanpainak “Ez izan meme” leloa du. Kanpainaren edukiak eta zergatiak azaldu dituzte gaur Estitxu Agirre Gazteria Arloko zinegotziak eta Maider Errasti Gazteria teknikariak.

2021·03·12


“Osasun larrialdi egoeran haurrek eta nerabeek esfortzu handia egin dute testuinguru eta arau berrietara moldatzeko. Adinekoekin batera, etxean denbora gehiena igaro dutenak haiek izan dira”, esan du Estitxu Agirrek.

“Eta nerabeek lagunekin egoteko beharra dute, eta horren ordez, etxean eta gurasoekin egon behar izan dute denbora luzez. Bizitzako une garrantzitsu asko galtzen ari dira: ikasketa bidaiak, lehen festak, lagunekin irteerak, gustuko ekintzak taldean egitea,… batzuek gainera familiartekoen galera ere izan dute”, erantsi du.

“Egoera itogarria suerta daiteke batzuentzat eta, horrelakoetan, egoerari aurrera egiteko mekanismoak aktibatzen dira eta ez beti egokienak. Ezin dugu ahaztu nerabeak emozioen kudeaketan gaitasun sozialetan trebatzen ari direla oraindik”, ohartarazi du Gazteria zinegotziak.

“Batzutan, frustrazio hori kanporatzeko elkarbizitza oztopatzen duten ekintzetara jotzen da, eta orduan denon ongizatea jartzen da kolokan”, nabarmendu du.

“Nerabeak gure komunitatearen kolektibo garrantzitsua da eta haien egoera ikusgarriagoa egiteko eta ulertzeko arazo horiek bideratzen laguntzeko asmoz egin dugu kanpaina hau”, esan du Agirrek.

Zeintzuk dira mezuak?

Bi norabideko mezua zabalduko da:
    • Komunitateari orokorrean nerabeen egoerak hobeto ulertu eta haiekin enpatizatzea errazteko.
    • Nerabeei dituzten hainbat jarrera desegokiren inguruko hausnarketa sustatzeko.
Pandemia garaiko beste elkarbizitza ariketa bat gehiago egitera garamatza kanpainak. Tratu onetan oinarritutako Hernani baten alde lanean jarraitzeko aletxoa izan nahi du “Ez izan meme” kanpainak. Etxe barruko tertulietan nerabeez hitz egitea bilatzen du kanpainak, elkarrekin hausnartzea, elkarrekin irtenbideak pentsatzea.

Zer eskainiko du kanpainak?
    • Nerabeentzako bideo laburrak: nerabeek erabiltzen dituzten sare sozialetan azaltzen diren estiloan (Tik Tokeko bideoak edo sketch moduan) egindako bideo laburrek mezu batzuk helaraziko zaizkie haien jarrerez jabe daitezen eta beste kolektiboekin enpatizatzen laguntzeko. Bideo horien protagonistak, gainera, herriko haur, nerabe eta gazteak izango dira (Biteriko antzerki taldeko Itziar Lamuedra eta Funky hip hopeko Leire Artetxe irakasleak, Animazio Soziokulturala eta Turistikoa Goi-mailako heziketa-zikloko lehen mailako ikasleak”.
      “Bideo horiekin jokaera desegokien inguruko hausnarketa egitera gonbidatu nahi ditugu, eta batik bat, kaleen, jolaslekuen, plazen… erabilera egoki bat egitera animatu. Horretarako hurrengo hilabeteetan hainbat mezu zabalduko dira”, argitu du Agirrek.
    • Nerabe seme-alabak dituzten gurasoei hitzaldia. “Pandemiaren ondorioak: gazteak ahaztuak edota zigortuak ez izateko ulermen gakoak”. Martxoaren 17an, 18:30ean, Aitor Aritzeta izango da hizlaria. Psikologian doktorea da EHU-n irakaslea eta ikerlaria. Bere ikerketa esparruetako bat gaitasun sozio-emozionalak dira.

Izenburuak dioen bezala, gakoak eskainiko dizkie gurasoei nerabeak hobetu ulertu eta egunerokoan elkar laguntzeko. Etxe barruak goxatu eta egoera eramangarriagoa bihurtzeko, komunikazioa hobetzeko pistak jasotzeko aukera egongo da.

Bi formatuetan eskainiko da hitzaldia, aurrez aurre Biteriko areto nagusian (110 pertsonako aforoa) edo online Gazteria arloak duen yotubeko kanalean.