Berriak
Atzealdea

Hernaniko nerabeei gomendioak konfinamendu ostean arrisku jarrerak murriz ditzaten

Hernaniko 12 eta 16 urte bitarteko nerabeek dituzten arrisku jarreren ikerketa egin zen 2019an. Bertan jasotzen zen tabakoa, alkohola eta droga arinen kontsumoaren inguruko hainbat datu. Jakina da itxialdian, nerabeak, oro har, sustantzia horien kontsumoa gutxitu dutela. Orain konfinamendua arindu dela, hainbat gomendio luzatuko zaizkie Hernaniko Gaztelekutik, bereziki tabakoa edo kalamua erretzea, edo alkohola edatea gutxitu duten nerabeei.

2020·05·19


Hernaniko nerabeek, beste kolektibo askok bezala, konfinamendua etxean igaro dute, goizez ordenagailuaren aurrean ikasten eta, arratsaldez, lagunekin mugikor bidez berriketan, nagusiki. Osasun krisiaren ondorioz, astean zehar izan ohi duten dinamika zeharo aldatu zaie, baita asteburuetakoa ere. Aisialdirako ohiturak aldatu dira, eta horrekin lotzen diren arrisku jarrerak ere eraldatu dira.

Hernaniko 12 eta 16 urte bitarteko nerabeek dituzten arrisku jarreren ikerketa egin zen 2019an. Bertan jasotzen zen tabakoa, alkohola eta droga arinen kontsumoaren inguruko hainbat datu. Jakina da itxialdian, nerabeak, oro har, sustantzia horien kontsumoa gutxitu dutela. Orain, itxialdia arindu den honetan, hainbat gomendio luzatuko zaizkie Hernaniko Gaztelekutik, bereziki tabakoa edo kalamua erretzea, edo alkohola edatea gutxitu duten nerabeei.

Ai Laket!! Elkarteko kideen laguntzarekin, drogen kontsumoaren prebentzioaren lanketarekin jarraituko du Udalak. Lehen ekintza maiatzaren 14an egin zen. Hernaniko nerabeen arrisku jarreren ikerketaren emaitzak gazteei gerturatzeko asmoz, eta gaian sakontzen hasteko, instagram bidez hausnarketara bideratutako galdera batzuk erantzutera animatu zitzaien. 
Maiatzaren 20an, asteazkenean, Ai Laket!!-eko kide bat izango da zuzenean Hernaniko Gaztelekuko instagram-ean (hgaztelekua) gazteekin solasean. Elkarrizketa 17:30ean hasiko da. Ai laket!! elkarteak drogen kontsumoa murriztera begirako ekintzak egiten ditu. Bertako kide batek nerabeei zuzenean hainbat gomendio luzatuko dizkie. Itxialdia nola eraman duten ere azaltzeko aukera izango da, eta sortu daitezkeen zalantzak zuzenean galdetu ahalko dira txat-aren bidez. 

Aurreko egunetan, gazteek aukera izango dute instagram bidez beraien galderak bidaltzeko. Jasotako galderak Ai Laket!!eko kideei helaraziko zaizkie zuzenekoan erantzun ditzaten. Guztia modu anonimoan egingo denez, gazteak animatu nahi dira dituzten kezkak azaleratzera. Ezohiko egoera bizitzen ari gara eta denok ditugu galdera asko eta erantzun gutxi. Horregatik, gaian adituak diren gazteak egongo dira zuzeneko bidez informazio espezializatua ematen, hausnarketa sustatzen eta gomendioak eskaintzen. 

Horretaz gain, ikerketaren aurkezpenak eta laburpena eskuragarri daude udal webgunean, euskaraz zein gazteleraz. Etxean nerabeak dituzten gurasoei gonbidatzen zaie ikerketaren emaitzak begiratu eta euren seme-alabekin gaiaz hitz egin dezaten.