Berriak
Atzealdea

Adingabeek substantzia ezberdinak kontsumitzeko edota apustuan ibiltzeko erraztasunak dituztela azalerazten du nerabeen arrisku joerei buruzko ikerketak

Hernaniko 12 eta 16 urte arteko gazteen eta nerabeen aisialdi- eta aisia-ohiturak aztertu dira eta ohitura horiek arrisku-jokabideekin duten erlazioa ere. Emaitzak ikusita, Hernaniko Udalak, nerabeei dagokienez, hiru arlotan sakonago lan egitea proposatzen du: informazioa eta komunikazioen teknologia, joko-zaletasuna eta alkohola eta kalamua. Prebentzioan eta detekzio eta esku-hartze goiztiarrean indarrak jartzea garrantzitsutzat jotzen du Udalak.

2020·03·02


Hernaniko nerabeek dituzten arrisku jarreren inguruko azterketa kuantitatibo eta kualitatiboa osatu du Udalak. Ikerketa Etorkintza Elkargoak egin du eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu du.

Ikerketak helburu izan du Hernaniko 12 eta 16 urte arteko gazteen eta nerabeen aisialdi- eta aisia-ohiturak aztertzea eta ezagutzea, baita ohitura horiek arrisku-jokabideekin duten erlazioa ere. Gainera, Hernaniko nerabeen eta gazteen aisiarako eta aisialdirako espazioetako arrisku-praktikei lotutako aldagaiak edo elementuak ezagutzeko lagungarri izan da.

Horretarako Hernaniko ikastetxeen ezinbesteko laguntza izan du. 432 nerabeei inkesta bat pasa zitzaien; 217 neska eta 215 mutil. Bost gai nagusiren inguruan galdera sorta erantzuteko eskatu zitzaien: aisialdi-ohiturak, substantzien kontsumoa, internet, sare sozialak eta bideojokoak, ausazko jokoak eta apustuak, harreman interpertsonalak.

Horretaz gain, alderdi kualitatiboa osatzeko hiru eztabaida saio egin ziren eta 19 pertsonek hartu zuten parte. Gazteen zuzeneko iritzia jaso zen, baita nerabeekin lan egiten duten hainbat elkarte, profesional eta gurasoen iritzia ere.

Ondoren, hainbat datu laburbilduta:

  • Aisia-ohiturei dagokienez, hainbat datu jaso dira. Astean bataz beste 10€ izaten dituzte aisia gastuetarako. Asteburuetan gauez etxera bueltatzeko orduen inguruko datuak ere azaltzen dira, baita kirol edota ekintza kulturaletan parte hartzea ere.  Ikertzaileek azpimarratu zuten etxera bueltatzeko ordutegiaren inguruan hausnartzea garrantzitsua izan zitekeela.
  • Substantzien kontsumoari dagokionez deigarria da edari energetiko edo hipertonikoen kontsumoa, laginaren %12ak egunero kontsumitzen baitu. Alkoholari dagokionez, %29,07ak ez du inoiz probatu. 13 urte da bataz besteko adina alkohola probatzen hasteko. Alkohola lortzeko modua ohikoena 18 urte edo gehiago dituen pertsonaren bitartez bada ere, zuzenean erosteko aukera ere izaten dute. Alkohola erosteko ohiko lekua supermerkatuak dira.
  • Kalamuari dagokionez, %72,6ak ez du inoiz sustantzia hori probatu. Erretzaile direnetatik %5,4ak erretzen du egunero. Kalamua lehen aldiz probatzen dute 14 urterekin bataz beste.
  • Internet, sare sozialak eta bideojokoei dagokienez, genero aldetik ezberdintasun handiak daude. Nesken %66,50 ez du inoiz jokatu, aldiz, mutilen %97, 53ak jokatzen du. Internet eta sare sozialen erabilerari dagokionez, neska eta mutilek egiten duten erabilera nahiko antzekoa da, nahiz eta neskek pixka bat gehiago erabili.
  • Ausazko joko edo apustuen inguruan, nesken %86,07ak ez du inoiz ere horrelakoetan jokatu eta mutilen %42,4ak noizbait jokatu du.

Ondorio nagusiak:

  • Hernaniko nerabeek dituzten arrisku joerak EAEko ikerketetan azaleratzen den errealitatearekin nahiko bat datoz orokorrean.
  •  Detekzio eta esku-hartze goiztiarraren garrantzia azpimarratzen du ikerketak, haurtzarotik hasi behar dela esku-hartzen adierazten duelarik. Adimen emozionalaren lanketan sakontzeko proposamena egiten du.
  • Eskaintzaren kontrolari dagokionez, adierazten du erraztasuna dutela adingabeek substantzia ezberdinak kontsumitzeko, alkohola, esaterako, baita apustuan ibiltzeko ere. Lege-araudia betearazten dela ziurtatzea proposatzen du, baita herrian ekintza ezberdinak antolatzen direnean inplikatutako sail, erakunde eta talde guztien artean koordinazioa eta koherentzia bermatzea.
  • Genero ikuspegia txertatuz lan egitea ezinbestekoa da ikerketan agertutako emaitzek adierazten dutelako faktore asko generoari loturikoak direla.

Hernaniko Udalak haurrei eta nerabeei eta haien familiei zuzendutako zerbitzu eta programak hobetzeko asmoa du ikerketan atera diren datuak kontuan hartuz. Prebentzioa haurtzarotik lantzen jarraituko du eskaintzak egokitu eta berriak sortuz. Garrantzi berezia emango zaio gurasotasun positiboari eta familien harremanak indartzeari, bati adimen emozionalaren lanketari ere. Horrez gain, haur eta nerabeen protagonismoa eta parte-hartzea lanketan aurrera pausoak eman nahi dira.

Nerabeei dagokionez, hiru lan-arlotan sakonago lan egitea proposatzen du udalak: informazioa eta komunikazioen teknologia, joko-zaletasuna eta alkohola eta kalamua. Ikasturte honetarako, proposamen zehatzak aurkeztu dira. Foku nagusia nerabeekin esku-hartzea izango da. Nerabeekin zuzenean lan egiteko ikastetxeen bidez edota Hernaniko Gaztelekuaren bidez egingo da. Gurasoentzat 3 arloen inguruko hitzaldiak antolatzea aurreikusten da gaietan adituak diren profesionalekin.

TXOSTEN OSOA