Berriak
Atzealdea

Oinarrizko elikagaiak banatzen ari zazkio premia larrian dauden ia 400 familiari

Elikagai Bankuak hileko lehen astelehenean egin ohi du banaketa, baina egoera berezi honetan, aurreratzea erabaki du. Udal langileak ari dira eguneko 80 etxebizitzetara banatzen. Espero dute astearen amaieran banaketa osoa bukatu ahalko dutela.

2020·03·31


Elikagai Bankuaren helburu nagusia da egoera ekonomiko larrian dauden herritarrei oinarrizko elikagaiak bermatzea, familia askok hilabete bukaerara iristeko dituzten zailtasunak leuntzeko asmoz.

Elikagai Bankuaren banaketa hileko lehen astelehenetan egin ohi da, baina konfinamenduaren ondorioz, familia asko ari da jasaten kalte ekonomiko handiak. Premia horiei erantzute aldera, banaketa aurreratzea erabaki da.

Hala, elikagaien lehen banaketa martxoaren 27an egin zen Hernanin. Orduan  elikagaiak helarazi zitzaien larrrialdi egoeran zeuden 4 familiari. Martxoaren 30ean, berriz, etxez etxeko banaketarekin hasi ziren, eta aste honetan 393 etxeetara iristeko helburua dute.

Ohiko egoeran, erabiltzaileek beraiek joan behar izaten dute elikagaien bila, baina konfinamenduan egonda, udal langileak ari dira etxez etxe banaketa egiten. Egunean 80 bat etxetara joaten dira. Horrela jarraituz gero, astearen amaieran banaketa bukatzeko moduan egongo dira.

Kalez kale hasi dira banaketak egiten, goizeko 8:00etan hasita eta etxeko atarian uzten zaie kutxa, aldez aurretik telefonoz jakinarazi ondoren. Udal langileak egoera honi dagozkion prebentzio neurriak hartzen ari dira.

Herritarrek jasotzen dituzten elikagaiak honakoak izaten dira: lekariak, pasta, arroza, kakaoa, olioa, esnea, atuna, sardinak eta gailetak. Kutxa hauen bidez ez da dieta osasungarri osoa lortzen, baina oinarrizko jakiak, ostera, bermatzen zaizkie etxe horiei.

Elikagai Bankuaren beharra duten herritarrak telefono honetara dei dezakete: 617 29 62 14 (Joxan). Gogoratzekoa da elikagaiak jaso ahal izateko Hernanin erroldatuta egotea nahitaezko baldintza dela.