Berriak
Atzealdea

Oinarrizko Lanbide Heziketa duina eta inklusiboa eskaini ahal izateko inplikazioa eskatu dio Hernaniko Udalak Eusko Jaurlaritzari

Hernanin egun eskaintzen den Oinarrizko Lanbide Heziketa zikloak gabezi handiak dituela eta, Legebiltzarrera joan dira gaur udal ordezkariak ziklo hori baldintza egokietan eskaini ahal izateko. Hezkuntza Batzordean agertu dira Oier Agirresarobe Hezkuntza zinegotzia, Malores Etxeberria Euskara eta Hezkuntza teknikaria eta Arantxa Urtasun Hernaniko Oinarrizko Lanbide Heziketako zentroko zuzendaria.

2021·02·22


Eusko Jaurlaritzaren konpetentzia da Lanbide Heziketa, baina Oinarrizko Lanbide Heziketa zikloa Udalei eskuordetzen die. Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak udalei diruz laguntzen dien arren, zerbitzua baldintza egokietan eman ahal izateko Udalak diru gehiago beharko lukeela nabarmendu dute udal ordezkariek. Izan ere, egungo gabeziekin ere zerbitzu horrek defizita sortzen dio Hernaniko Udalari eta, gainera, ez du betetzen hezkuntza ziklo batek bete beharko lituzkeen funtzioak.

Egun, ziklo hori “linbo legal batean” dagoela salatu dute Hernaniko udal ordezkariek. Irakasleen lan baldintzak ez dira beste irakasleek dituzten lan baldintzen parekoak, eta hizkuntza eskubideak ere ez dira bermatzen -ikasle gehienak etorri berriak dira eta formakuntza euskaraz jasotzeko gaitasunik ez dute-. “Batetik, bertan ikasten duten ikasle euskaldunei eskubideak urratzen zaizkie, eta, bestetik, etorri berriei ere ez zaie bermatzen euskararen irakaskuntza, gure jendartean inklusioa bideratzen duen hizkuntza izanik”, ohartarazi dute.

Arazo horietaz gain, Hernanin udal eraikin batean (Transpacar) ematen ari da egun elektromekanika modulua -EAEn bigarren hezkuntzako eraikinak Jaurlaritzaren eskumenekoak direnean-. Kontua dfa Transpacar eraikina soilik abendua arte erabili ahal izango dela, eta, ondorioz, arazo larri bat dago zerbitzua ematen jarraitu ahal izateko.

Hernaniko ordezkariek Hezkuntza Sailari eskatu diote inplikazio eta baliabide gehiago zerbitzu hau eskaintzen jarraitu ahal izateko, eta, gainera, kalitatezko zerbitzua izan dadin, “gazte hauen inklusioa, bai jendartean bai lan arloan, bermatu ahal izateko”. “Lanbide Heziketak merezi duen kalitatea eta garrantzia emango diozuela espero dugu”, dei egin dio Eusko Jaurlaritzari Agirresarobe zinegotziak.