Berriak
Atzealdea

Hernaniko ondarea ezagutarazteko hiru ekimen antolatu ditu Udalak Europako Ondareari buruzko Jardunaldien barruan

Hernaniko Udalak lehen aldiz parte hartuko du Europako Kontseiluak ondarea ezagutarazteko asmoz bostgarren aldiz antolatzen dituen Jardunaldi hauetan. Guztira, hiru jarduera antolatu ditu Udalak, ondareari buruzko webgunearen aurkezpena, eta San Joan Bataiatzalea parroki-eliza eta alde zaharraren bisita komentatuak. Derrigorrezkoa da aurretik izena ematea.

2020·09·15


"KONTAIGUZU ONDAREA! Ondarea eta Hezkuntza” da 2020ko Ondarearen Europako Jardunaldien programaren izenburua. Europako Kontseiluaren ekimena da, eta ondarea herritarrengana hurbiltzea du helburu, ondarea osatzen duten elementuen gaineko sentsibilizazioa eta kontserbazioa sustatzea, alegia. Edizio honetan, antolatutako jarduerek transmisioaren zereginetan jarri nahi dute arreta, beti ondarea kontserbatzeari eta gozatzeari begira.

Gure herrialdean, programa hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak koordinatzen du. Edizio honetan 70 antolatzailek baino gehiagok parte hartzen dute, eta ehun bat jarduera eta 150 ekitaldi inguru programatzen dira lurraldean zehar, 38 udalerritan, iraila eta azaroa bitartean. Jardunaldi hauen berri emateko egin diren liburuxkak Biteri kultur etxean, turismo bulegoan eta udal artxiboan daude eskuragarri; baita gipuzkoa.eus webgunean ere:

Esan bezala, programa hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak sustatzen eta antolatzen ditu, eta Hernaniko Udalak lehen aldiz parte hartzen du 5. edizio honetan.

Ekimen honen bidez lortu nahi diren helburuekin bat eginez, programa honek Hernaniko Ondarea ikustarazteko aukera ematen digu, duela urte batzuk antolatzen ari garen egitasmoei zabalkunde handiagoa emateko aukera ematen digu: Hernaniko Ondarea, materiala edota materiagabea, berreskuratu, kontserbatu eta ezagutzera ematea herritarrei eta bisitariei.

Testuinguru honetan, hiru (3) dira Udalak (Udal Artxibo Zerbitzua eta Turismo Saila) aurkezten dituen proposamenak. 

OndarHernani. 
Hernaniko Ondarea ezagutarazten hasi:

    • ondarea.hernani.eus webgunearen aurkezpen-hitzaldia.
Irailaren 24an
Biteri kultur etxean
19:30

Info+

    • San Joan Bataiatzalea parroki-elizan bisita komentatua.
Urriaren 3an
Gudarien plazan
12:00 (gaztelaniaz)

Info+

    • Alde zaharrean bisita komentatua.
Urriaren 17an
Biteri kultur etxean
10:00

Info+

COVID-19ak sortutako ezohiko egoera dela eta, antolatutako jarduerek edukiera mugatua dute; beraz, aldez aurretik izena eman behar da Udal Artxibo Zerbitzuan (lehen bi jardueretarako, irailaren 24rako eta urriaren 3rako) edo Turismo Sailean (urriaren 17ko hirigune historikoan egingo diren bisita gidatuetarako).