Berriak
Atzealdea Oporrak Bakean, udan haur sahararrentzako Hernaniko harrera-familien bila
2025·01·21
Oporrak Bakean programa sustatzen duten Saharako Euskadiko ordezkaritzak, udalek, elkarteek eta harrera-familiek Esperantzari leiho bat kanpaina aurkeztu dute, aurtengo udan Saharako errefuxiatu guneetako haurrak Euskal Herrian hartzera deituz. Hernaniko Udalak ere parte hartzen du Oporrak Bakean programan, Lankidetza sailetik, eta deialdiarekin bat egin du.
Azken 15 urteotan, elkartasun ekimen honi esker 4.579 haur saharar hartu ditugu Euskal Herrian. Horietako batzuk, Hernanin. “Haur horiei osasun arreta bermatu diegu eta esperientzia hezitzaile aparte eskaini”.
Haurrek uda Euskal Herrian pasatzeak euren osasunean duen garrantzia ukaezina da. “Errefuxiatu sahararren bizi-baldintzak nazioarteko laguntza humanitarioaren eta gero eta larriagoak diren muturreko klima-baldintzen menpe daude. Hiru haurretik batek bakarrik jasotzen du hazkuntza egokia izateko behar duen dieta, beraz, Oporrak Bakean arnasgune bihurtzen da parte hartzen duten adin txikiko umeentzat eta haien familientzat”.
Familiek ere bueltan “asko” jasotzen dute
Horrez gain, familiek bueltan jasotzen duten guztia azpimarratu dute Oporrak Bakean-eko antolatzaileek. “Elkartasun keinu honetan guztiok ateratzen gara desberdin, aberastuak, eskertuak, umeengandik jasotzen duguna asko delako”, baieztatu dute ekimen hau posible egiten dutenek.
Saharako herria eta sahararrak urte luzez ari dira itxaroten beren eskubideak aitortu eta autodeterminazio erreferendum bidez euren etorkizun politikoa erabakitzeko, Nazio Batuek hitz emandakoa eta legez zein eskubidez dagokiena delako. Mendebaldeko Sahara Afrikako azken kolonia da eta, erbestean eta basamortuan bizi beharraz gain, gerra ere pairatzen ari da. “Dena kontra duen herria baina etsitzen ez duena eta esperantza galtzen ez duena da Mendebaldeko Sahara”.
Elkartasun ariketa komunitarioa
“Herrien esperantza haurrak direla esaten da eta gu guztion ahaleginari esker, haur hauei Euskal Herrian udako egonaldia eskainiko diegu, osasunaren eta bizipozaren leihoa zabalduz”.
Martxoaren 15a arte egongo da zabalik aurtengo Oporrak Bakean programan harrera-familia izan nahi dutenek izena emateko aukera.
Iaz 188 haur etori ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara. Horietako lau, Hernanira. “Ahal den ume gehienei eskaini nahi diegu aukera eta horretarako harrera-familia gehiago behar ditugu. Lortzen dugun harrera-familia bakoitza izugarri garrantzitsua da ume hauentzat”.
Hernaniko Udalak hernaniar orori deia luzatu nahi die Oporrak Bakean elkartasun ariketa komunitarioan parte har dezan. “Deia luzatzen dugu gure etxeetan uztailean eta abuztuan ume saharar bat har dezagun. Erabaki hau norbanakoa den arren, erantzukizuna kolektiboa da; harrera-familia handi bat osatzen dugu guztiok. Zu ere konplize izatera gonbidatu nahi zaitugu. Zu ere esperantza-leiho bat izatera deitzen zaitugu. Zu ere harrera-familia izatera deitzen zaitugu”.
INFORMAZIOA eta IZEN-EMATEA:
Helbidea: Kulturarteko Plaza Feminista (Florida, 28)
Telefonoa: 943 33 70 17
E-maila: lankidetza@hernani.eus