Berriak

Atzealdea Ordenantza fiskalak aldatzeko proposamena onartu du Udalak

%2,9ko igoera izango dute udal zergek 2025ean, KPIan aurreikusitako igoeraren arabera

2024·09·24


Ordenantza fiskalak eguneratzea onartu du Hernaniko udalbatzak. Oro har, %2,9 igoko dira zergak eta udal tasak, Kontsumorako Prezioen Indizean (KPI) aurreikusitako igoeraren arabera. Higiezinen, jarduera ekonomikoen, ibilgailuen, eraikuntza, instalazio eta obren, hiri lurren balioaren gehikuntzaren eta beste hainbat udal zerga, beraz, %2,9 garestituko dira 2025ean.

Bada salbuespen bat, ordea. Hondakinen inguruko tasa, hain zuzen ere. Horretan igoera handiagoa izango da, %30ekoa zehazki. Izan ere, Espainiako Hondakinak eta Lurzoru kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko 7/2022 Legeak dio udalek eta mankomunitateek defizitari aurre egiteko tasa bat ezarri beharko dutela 2025erako. Alegia, zerbitzu horrek ezin diela defizitik sortu administrazio publikoei. Lege horrek behartuta, beraz, zerbitzu horretan duen defizita tasen bidez bildu behar du Hernaniko Udalak.

Defizit hori desagertzeko hiru urteko plan bat diseinatu du Hernaniko Udalak. Lehenengo urtean %30eko igoera ezarriko diete etxeko eta establezimenduetako hondakinen tasei. 2026an eta 2027an ere antzeko igoerak aurreikusi dituzte. Onartutako plangintza horren arabera, 2027an beteko luke udalak legeak agintzen duen zero defiziteko helburua.

Aurrez lanketa bat egin dute Udal Gobernua osatzen duen EH Bilduk eta oposizioko alderdiek plan hau adosteko. Bat egin dute EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta EAJk, eta PSE-EE proposamenaren aurka agertu da.

Bizigune egitasmoan parte hartzen dutenek, %99ko hobaria

KPIaren araberako igoerari eustea da azken urteotan udalak jarraitu duen irizpidea ordenantza fiskalak eguneratzeko. Alabaina, badira ere igoerarik ez duten zenbaki biribilak, igoera horiek epe luzeagoan egiten baititu udalak.

Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako moldaketak udal ordenantzetan egokitzea tokatu da aurten. Hala, Ondasun Higiezinen gaineko Zergan Bizigune egitasmoan parte hartzen duten etxebizitzek %99ko hobaria izango dute. Hau da, beraien etxebizitza alokairu sozialera bideratzen duten jabeak sarituko ditu Udalak.