Berriak

Atzealdea Ostalaritza establezimenduak eta jatetxeak berraktibatzeko 150.000 euro bideratuko ditu Udalak

COVID-19a dela eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako itxierak kaltetutako negozio bakoitzak 800 euroko kopuru finkoa jasoko du. Horrekin batera, 400 euroko kopuru osagarria jasotzeko aukera izango du jardueraren ohiko gastuengatik, horiek herriko enpresetan eta saltokietan gastatu badituzte. Dirulaguntza horien deialdia ostegunean argitaratuko da GAOn eta abenduaren 30a arte eskatu ahalko dira.

2020·11·24


Onuradunak: ostalaritza eta errestaurazio sektoreko pertsona juridikoak edo mikroenpresak eta norberaren konturako pertsona fisikoak, baldin eta ezarritako baldintza guztiak betetzen badituzte eta beren jarduera itxi beharrean ikusi badira Lehendakariak azaroaren 6an emandako 38/2020 DEKRETUAN jasotakoaren indarrez. Dirulaguntza lerro honetan sartzen dira, halaber, hoteletan eta bestelako ostatuetan dauden jatetxeak.

Kopurua: 150.000 €
Hala ere, bideratutako kopurua baino handiagoa behar bada, Udalak zenbateko hori handitu egingo du.

Dirulaguntzak bi zati izango ditu:

-800 euroko kopuru finkoa: establezimendu eskatzaile bakoitzarentzat.
-400 euroko kopuru osagarria: jardueraren ohiko funtzionamenduarekin lotutako gastuengatik, kontsumo hori Hernaniko txikikazko saltoki edo zerbitzu-enpresetan egindakoa bada. Horren helburua: herriko ekonomia zirkularra eta saltoki txikiak sustatzea.

Laguntza hau bateragarria izango da beste administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatuek helburu berarekin emandako beste dirulaguntzekin.

Eskaera aurkezteko epea: abenduaren 30 arte, deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratu -ostegunean argitaratuko da- eta hurrengo egunetik hasita.