Berriak

Atzealdea Petti eta Etxeko Uztak emango dio hasiera 2026ko kultur programazioari

22 emanaldi izango dira ekaina arte; sarrerak asteazkenean jarriko dira salgai

2026·01·05


Hasi berri dugun urtearen lehenengo erdialderako kultur programazioa aurkeztu du Udalak. 

Programazioa Petti eta Etxeko Uztaren kontzertuarekin hasiko da, hilaren 16an (zutik). 22 kultur ekintza izango dira ekaina arte. Horiez gain, Hernani Zinekluba; Hernani Musika Bandaren, Hernaniko txistularien eta Hernani Musika Eskolaren emanaldiak; erakusketak etabarrak ere izango dira.

Hernaniko artistek toki berezia izango dute

Ohikoa den moduan, Hernaniko kultur programazioan artista eta sortzaile hernaniarren presentzia handia izango da. Honela, datozen hilabeteetan oholtza gainean ikusiko ditugu Ainhoa Usandizaga dantzaria Cielo Raso konpainiaren Euforia lanean -otsailak 27-, Nahia Valle abeslaria Femmm & Bandekin -apirilak 16-, Mikel Laskurain eta Unax Uralde aktoreak (lehena Korrika Kulturaleko Kaka antzezlanean -martxoak 26- eta bigarrena, Aitatxo lanean -martxoak 5-) eta Joseba Korta Pacheco pianista, bere gradu amaierako lana aurkezten (udaletxean, maiatzaren 8an). 

Horrez gain, haurrentzako sei emanaldi izango dira eta musikan, Petti eta bere taldeaz gain, Olatz Salvador edota, Maddi Oihenart eta Juantxo Zeberioren gisako puntako artistak izango ditugu gurean.

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak-ek eta Korrika Kulturalak ere osatuko dute kultur programazioa. Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketako saio bat ere izango da Hernanin. 

Adinekoentzako ipuin-kontaketak, nobedade

Nobedadeetako bat udal liburutegiaren eskutik dator: Kontu Kontari +75 ipuin-kontaketak. Auzozaintzarekin elkarlanean, adineko herritarrentzako saioak izango dira (elebitan). 

"Auzozaintzan parte hartzen duten askok joera dute liburutegira etortzeko eta udal liburutegiak beti izan du adinekoen eta liburutegiaren arteko lotura lantzeko nahia", azaldu dute Hernaniko liburuzainek. 

Urtarriletik maiatzera, hilean behin Dorleta Kortazar ipuin-kontalariaren saioak izango dira. Lehenengoa urtarrilaren 30ean izango da. 

Prezio eguneratzeak

Urtarrileko ekintzetarako sarrerak abendutik salgai dauden arren, gainontzekoak asteazkenean, urtarrilaren 7an, jarriko dira salgai online eta Biteri kultur etxean. 

2026an, Biteriko kultur ekitaldietako sarreren prezioak eguneratu dira. Honela, aurrerantzean haurrentzako emanaldien prezioa 4 € izango da eta helduen saioek bi prezio izango dituzte: 8,5 edo 10 €.

Zinemako prezioak ere egokitu dira: helduen sarrera 5€ izango da eta haurrena, 3,5€. Ikusleen Eguneko sarrera 4€ izango da. 3Dko filmetako sarrerak, aldiz, 6€ (helduak) eta 4,5€ (haurrak) izango da.

Programa, banaketa puntuetan

Programazioaren paperezko liburuxka urtarrilaren 7tik aurrera egongo da eskuragarri udalaren banaketa puntuetan: udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzua-HHZ; Plazara gunea; Zikuñagako libgunea; Hernani Musika Eskola; zerbitzu sozialak; Kulturarteko Plaza Feminista; Biteri kultur etxea; udal kiroldegia eta, Ereñotzuko tabernan eta dendan. 

IKUSI PROGRAMAZIOA