Berriak
Atzealdea

Portu eta Elizatxo auzoetan ibilgailuen abiadura moteltzeko lanak hasi dira

Portu eta Elizatxo auzoetako mugikortasuna hobetzeko lanak hasi dira gaur. Lan horien helburua da ibilgailuen abiadura moteltzea eta oinezkoen segurtasuna bermatzea. Horretarako tunela txukundu eta piboteak jarriko dira, bidean (zoruan) pintaketak egingo dira eta errepidean eta espaloietan ingurua atseginagoa izateko landare ontziak eta aulkiak jarriko dira. Lan horiek direla eta, abuztuaren 26tik 30era, tunela itxita egongo da.

2019·08·19


Portu eta Elizatxo auzoetan ibilgailuen mugimendu handia da eta, horren ondorioz, oinezkoentzako egoera arriskutsuak sortzen dira maiz. Aspaldiko arazo horri irtenbidea eman nahian, prozesu partehartzaile bat egin zen 2018an inplikatutako eragile guztien artean (Elizatxo ikastolako komunitatea, bizilagunak eta Udala). Bertan hartutako erabakietan oinarrituta Mugikortasun Plan bat diseinatu zuen Udalak.

Elizatxo Ikastolako ikasleen eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko helburuz, sarrera eta irteera orduetan trafikoa mugatzea izan zen hartutako lehen neurria. 

Gaurtik aurrera, bigarren neurri multzoari ekin dio Udalak. Izan ere, trenbideko tuneletik Shangai tabernara bitarteko eremuan, ibilgailuen abiadura murrizteko eta oinezkoak seguruago eta lasaiago ibiltzeko hainbat lan egingo dira.

Lanak, zehazki, honako hauek izango dira: tunela txukundu eta piboteak jarri, bidean (zoruan) pintaketak egin eta ibilgailuen abiadura murrizteko hainbat elementu jarri (landare ontziak, aulkiak…).

Parte-hartze prozesuan erabaki zen bezala, neurri hauek “bigunak” dira, ez dute aldaketa eta obra sakonik eskatzen eta hilabete batzuk barru neurri hauen balorazioa egingo da inplikatutako eragileekin.  Lanak gaur, astelehenean, hasi dira.

Tuneleko lanak egin bitartean, abuztuaren 26tik 30era, tunela itxita egongo da. Elizatxora sartu eta ateratzeko Oindi kaletik bakarrik egin ahal izango da eta Portu eta Osiñaga auzoetarako bide bakarra Karabelgoa izango da.

Asfaltatze lanak hilaren 29tik aurrera

Era berean, udako asfaltatze kanpainaren barruan, Portuko ibaiko zubitik Loidi bitarterako bidea asfaltatzeko lanak egingo dira hilaren 29tik aurrera.