Berriak
Atzealdea

Portu eta Elizatxo Karabel eta erdigunearekin lotuko dituen oinezko-bidearen lanak abian daude

2
Hernaniko Mugikortasun Jasangarriaren Planarekin bat eginik, Portu eta Karabel auzoak lotuko dituen oinezkoentzako bide bat eraikitzeko proiektuari ekin zion Udalak 2021ean. Xabier Lertxundi alkateak eta Hirigintza eta Ingurumen zinegotzi Mattin Aldaiak eman dituzte proiektuaren inguruko argibideak, obra hasi berri den lekuan bertan. 300 metroko luzera eta 3 metroko zabalera izango du bide berriak. Ekainerako amaitzea aurreikusten da.

2023·03·27


“Adifek apeadero berria eraikitzen zuenean ordura arte erabiltzen zen bidexka itxiko zuela jakina zen, baina apeadero berriaren ezaugarriak nolakoak izango ziren ez genuen jakin 2020ko bukaerara arte”, esan du Lertxundik. Orduan hasi zen Udala alternatiba baten bila “jakin badakigulako Portu eta Elizatxoko bizilagunek bidexka hori asko erabiltzen zutela bai geltokira bai erdigunera joateko”, erantsi du Lertxundik.

Aurreproiektua lantzen hasi zen Udala eta, aukera batzuk teknikoki aztertu ondoren, orain martxan dagoen bidea aukeratu zen, hau da, Viveros Pagolatik abiatzen dena eta Renfeko trenbidearen parean aurrera doan bidea. “Hasieran beste ibilbide bat aztertu zen, egiteko errazagoa zen hura, baina segurtasunaren ikuspuntutik baldintzak ez zituen betetzen eta baztertu genuen. Obra berri baten ondorioz emakumeentzako puntu ilun bat ez genuen sortu nahi”, azaldu du alkateak.

Aurrera joan zen aurreproiektuak segurtasuna hobeto bermatzen zuen eta zenbait lur pribaturen desjabetzak zekartzan eta horrek nabarmen luzatu du prozesua. “Adifek ere haien lurretan sartzeko baimena behar izan genuen eta 2022ko irailean iritsi zen”, adierazi du Lertxundik.

Desjabetzak eginda eta baimenak lortuta, proiektua esleitu zen eta joan zen astean hasi ziren obrak. Egiten ari den esku-hartzearen arabera, “egun dauden zuhaitz handiak mantentzen dira (zedroak, sekuoia, pagoa, palmondoak etab). Kenduko dira, ordea, trenbidearen parean dauden sasiak, espezie inbasoreak eta ingurumenerako baliorik ez duten espezieak”, esan du Mattin Aldaiak.

Bide berria oinezkoentzat da; 300 metroko luzera eta lur koloreko asfaltoa izango du. Zabalera, oro har, 3 metrokoa izango da. Proiektuaren kostua (idaztea eta exekuzioa) 319.434 eurokoa izan da.

Segurua, argiztatua

Segurtasunaren ikuspegitik eta bide berria Adifeko ezpondaren aurretik dagoela kontuan hartuta, ahalik eta trazadura irekiena egin nahi izan da. Lehentasunezkoa izan da bihurgune handirik ez izatea, erraz antzematea eta ondo argiztatuta egotea. Saiatu da, halaber, landarediak ez dezala argiztapena murriztu. Sortzen diren ezponda berriak eta lehendik dagoena landaretza egokiaren bidez ere tratatu beharko dira, segurtasunik eza areagotu ez dadin.

Adifeko ezpondarekin bat egiten duten berdeguneetan bidea nahiko zabala da eta, beraz, atsedena errazteko bankuak jarriko dira. Bestalde, bidean zehar dagoen Adifeko trenbidetik zein ezpondatik erortzen den ura jasotzeko drainatze-hodi bat dago, eta bertatik jasotzen den ur hori guztia lurrera botako da tarteka, ibilbidean zehar.

Adifeko ezpondarekin bat egiteko, gutxienez 50 zm-ko landare-lurra erabiliko da. Bide horretan zehar euri ura jasotzen duen drainatze-hodi bat dago. Bildutako ur hori lurrera botako da zenbait metroka.

1 2