Berriak
Atzealdea Portugalgo udal, mankomunitate eta enpresak Hernanin izan dira hondakinen kudeaketa ezagutzen
2024·09·10
Zero Zabor ziurtagiria duen Euskal Herriko herri bakanetakoa da Hernani, eta hori dela-eta, erreferentziazkoa bihurtu da Europako beste hainbat tokitan ere. Gaur Portugalgo hainbat udal, mankonunitate eta enpresa pribatuko ordezkarien bisita jaso du Hernanik. Azken urteotan egiten den antzeko hirugarren bisita da.
55 lagun izan dira bisitan, eta Hernaniko hodankinen kudeaketa ezagutu dute bertatik bertara. Besteak beste, hondakinak biltzeko atez ateko sistemaren nondik norakoak ezagutu dituzte, eta horiek sortu dute jakinminik handiena. Horrez gain, auzo konpostako etxolak, autokonponketa tailerra, zero zabor hozkailua, olio erabilia jasotzeko makina, minipuntuak eta hondakinen gela bisitatu dituzte. Bisita horretan laguntzaile izan dituzte Xabier Lertxundi alkatea, Ainara Atorrasagasti Ingurumen zinegotzia eta Olatz Urrutibeaskoa Ingurumen teknikaria.
Bisitarien artean Alentejo, Alenquer, Guimaraes, Ourique, Silves eta beste hainbat herritako udal ordezkari eta teknikariak izan dira.
Garbitania Zero Zabor enpresa publikoa ere ezagutu dute
Hernani Zero Waste ziurtagiria duen Euskal Herriko herri bakanetakoa izatez gain, hondakinen bilketa daturik onenetakoak dituenetako bat da. Hernanik 10 urte baino gehiago daramatza zero zabor helburu duten ekimen eta ekintzak sustatzen. Informazio aipagarri bat da biztanleko errefusaren edo gainerako frakzioaren sorkuntza baxua da, 62,99 kg/biztanle/urteko (2020an erregistratutakoa). Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako batez besteko datua biztanleko 251,81 kg/biztanle/urteko da. Laburbilduz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako errefusaren sorreraren batez bestekoa baino %75 txikiagoa da Hernanin.
Portugalgo bisitariek Garbitania Zero Zabor enpresa ere ezagutu dute. Jakina denez, hondakinen bilketaz eta kudeaketaz arduratzen den enpresa publiko horren partaidea da Hernaniko Udala, Astigarraga eta Usurbilekin batera.