Berriak
Atzealdea Portuko aparkaleku berria martxan
2026·05·06

Dagoeneko erabilgarri dago Portu auzoko aparkaleku berria, auzokideekin landutakoen ondorioz erabakitako behin-behineko irtenbidea dena. Esku-hartzearen lehentasuna erreka ondoko bidea libre uztea zen, larrialdi zerbitzuek sarbide egokia izan dezaten. Horregatik, neurriak izaera presazkoa eta behin-behinekoa du, baina aldi berean auzoak duen aparkaleku faltari erantzutea ere bilatzen du.
Landa eremua izanik, aparkalekua “todo-uno” materialarekin egin da, material hau elementu naturalagoa denez errazago berrerabili edo bertan utzi baitaiteke, lurzoruak ura modu naturalean xurgatzeko aukera emanen duelako. Eta bestetik, oraindik ez dagoelako argi soluzioa behin betikoa izango den ala ez, benetako erabilera neurtu nahi baita, etorkizunean espazio gehiago behar izango den edo eremua leheneratu behar den erabakitzeko.
Oinezkoentzako eremuak margotuko dira datozen egunetan
Datozen egunetan, eguraldiak baimentzen duen heinean, aparkalekuraino eta Loidiraino oinezkoentzako ibilbidea margotu eta seinalizatuko da, oinezkoen segurtasuna eta irisgarritasuna hobetuz. Lan hauek Santa Barbara auzoan egingo diren oinezkoentzako margoketekin batera gauzatuko dira, Alberro sagardotegitik Jauregi auzoraino iritsiko dena, eremuko mugikortasun jasangarria eta oinezkoen lehentasuna indartuz.

