Berriak
Atzealdea

Sandiusterri aretoa birmoldatzeko lanak abian dira

Sei hilabeteko epea du enpresak Sandiusterriko birmoldaketa egiteko. Aretoa desagertuko da eta musika eskolarako eta Ttarla dantza talderako gelak eraikiko dira.

2021·11·17


1984an eraiki zen Sandiusterriko aretoa. Eszenatokia, butakak eta ikuskizunak taularatzeko eta proiekzioak egiteko terabili izan da orain arte. Azken urteotan, baina, erabilera eskasa zuen eta, horregatik, eraikina egokitzea erabaki zen duela bi urte. Obraren esleipen prozesuak bide korapilatsua izan du, baina, azkenean, burutu da. Areto hori herrian sortu diren beste behar batzuk asetzeko birmoldatuko da: musika eskolarako eta dantza talderako gelak egingo dira.

Lantzen ari den proiektuan aurreikusten da udal musika eskolako gela batzuk bertan kokatzea. Horrela, musika eskolan dauden espazio arazoak konponduko dira. Horretaz gain, Ttarla dantza taldearentzat entsegu aretoak eta materiala biltzeko gelak ere egokituko dira.

Aurreproiektuan aurreikusten dira, zehatz mehatz, ondoko espazioak:
1. Sotoan 4 musika entsegu gela
2. Behe solairuan: erabilera anitzeko gela, dantza gela, irakasleen gela
3. 1.solairuan: musika gelak

Lanak egiteko garaian, irisgarritasuna kontuan hartu da (igogailua egongo da), baita eraikina energetikoki eraginkorra izatea ere.

Obra egiteko 6 hilabeteko epea du enpresak eta aurrekontua da 663.782,38 eurokoa (BEZa barne).