Berriak

Atzealdea Sanjoanetako gertakarien harira, elkarbizitza oinarri izango duten espazioak sustatuko ditu Udalak

Udalak eskerrak eman dizkie festak aurrera ateratzeko lanean aritu direnei eta festak gozatzera errespetuz atera diren herritar guztiei

2025·07·03


Jai Batzordeak urtero moduan egin du sanjoanen balorazioa. Aurtengo jaietako gertaerak ezohikoak izan dira eta horregatik Hernaniko Udaletik ere balorazio propioa egitea erabaki dugu.

Sanjoan festak bukatu diren honetan, lehenik eta behin, Hernaniko Udalak eskerrak eman nahi dizkie jai hauek posible egin dituzten Jai eta Txosna Batzordeei, eragileetako kideei eta langileei. Baita egunez zein gauez herriko festez gozatzera errespetuz atera diren herritarrei ere. Eurak izan dira sanjoanetako alde positiboa.

Hernaniarrok urte osoan gogotsu itxaroten ditugun egunak dira herriko festetakoak. Aurten, baina, ezin ditugu aipatu gabe utzi elkarbizitza oztopatu duten gertakariak.

Azken asteetako norabide berean, arrazakeria oinarri duten hainbat eraso gertatu dira gure herrian. Ekainaren 23ko gauean istiluak izan ziren horien ondorioz. Bereziki gau horretan izan ziren gertaerek erakusten dute jokabide arrazistak izan zirela. Izan ere, hasiera batean istiluen ondorioz hiru gertakari izan zirela uste bazen ere, Udalak baieztatu du herrian zehar sei gertakari eman zirela eta sei gertakari horietan pertsona magrebiarrak egon zirela jomugan. Gau horretaz gain, beste bi gertaeren berri ere izan da, zaurituak tarteko. Sanjoanetan gertatutako eraso sexista baten berri ere izan du Udalak.

Jaiak gure jendartearen ispilu izan ohi direla esan ohi dugu. Zoritxarrez, momentu honetan gizartean ematen ari diren hainbat ezinegon eta jarrera nabarmen ikusi dira aurtengo sanjoanetan. Horiek kontuan hartu eta elkarbizitza oinarri izango duen hausnarketa prozesu bat abiatzea eskatzen du herrian bizi dugun egoerak.

Hilabeteak dira egora hauen gainean ikuspegi desberdinetatik lanean ari garela. Herrian zabaltzen ari den kezkari erantzunez lanketa hori indartu eta Hernaniko Udalak gaia lantzeko espazio ezberdinak sustatuko ditu. Lanketa horretarako elkarbizitza gaian adituak diren kanpo laguntza espezializatua kontratatuko da eta, besteak beste, diziplina anitzeko mahai bat eratuko da, gaiari ikuspegi desberdinetatik erantzuteko asmoz. Arazoak definitu eta horien soluziorako erantzun zehatzak diseinatuko dira. Lanketa horren guztiaren helburua herriko kohesioa indartzea eta komunitatea sendotzea izango dira.