Berriak

Sanjoanetako programa aurkeztu dute Udalak eta Jai Batzordeak, “jaiak askatasunez, plazerez eta errespetuz gozatzeko” gonbidapena luzatuz

Urumea txarangak emango die jaiei hasiera

2024·06·12


Udalak eta Sanjoanetako Jai Batzordeak aurtengo festak aurkeztu dituzte gaur arratsaldean. Jai Batzordeko eragileetako ordezkariak eta Udaleko Kultura saila elkarlanean herritar guztientzako gozagarri izango den egitaraua prestatzen saiatu dira beste urte batez.

Aitor Huizi Kultura zinegotziak “antolatzaileen lana eta esfortzua eskertu” du eta jaiak "askatasunez, plazerez eta errespetuz gozatzeko” deia egin du.

Ekainaren 23tik 27ra, 72 ekintzak osatuko dute sanjoanetako jai egitaraua. Aste honetan zehar, hernaniarrek etxean jasoko dute programa baina Biteri Kultur Etxean ere egongo da eskuragarri. Ikusmen murriztasuna dutenek, braillez jasotzeko aukera ere badute.

Preludioan, lehenengo ilara inklusiboa

Aurtengo jaien programan suziriak noiz izango diren jakinarazteko, ikono bat erabili da. Huizi Kultura zinegotziak azaldu duenez, “hainbat herritarrengan suziriek sortzen dituzten eragozpenak kontuan hartuta, errespetuaren eta elkarbizitzaren izenean” hartu da suziriak adierazteko erabaki hau. Horrez gain, Udalak “txupinazoan botatzen den suziri kopurua gutxitzeko konpromisoa” ere hartu duela adierazi du.

Elkarbizitzaren inguruan, aurten beste berrikuntza bat ere izango da, sanjoanen bueltan antolatutako ekintzak hernaniar guztiek gozatzeko modukoak izan daitezen.

Ekainaren 15ean, larunbat honetan, sanjoanen iragarpena izango da XVIII. Preludioarekin. Aurten, aniztasun funtzionala duten hernaniarrek preludioaz gozatzeko aukera izan dezaten, lehenengoa ilara inklusiboa izango da. Aniztasun funtzionala duten herritarrek eta laguntzaile batek bertan jartzeko aukera izango dute hobeto entzuteko, ikusteko edo egoteko. Preludioa zeinu hizkuntzan ere emango da.

Aurtengo omendu Urumea txarangak botako du txupinazoa

Urumea txaranga izango da aurten jaiei hasiera ematearen arduraduna. 25 urte bete ditu txarangak eta egindako ibilbidea eskertzeko izango dute herriko festei hasiera emateko ardura.

Gaur egun ezagutzen dugun Urumea txarangak 1999an hasi zuen ibilbidea, Joxe Ramon Berrondoren eskutik, “baina proiektua lehenago hasi zen, Urumea ikastolan, ikasturtean zehar ikastolan egiten ziren ekintzetarako musikariak elkartzen baitzituen Mari Jose Alzuri irakasleak”, azaldu du Ander Loyarte, txarangako kideak.

1999tik, Urumea ikastolako ekintzetan ez ezik, herriko hainbat ekintzetan parte hartzen hasi zen txaranga: inauterietan, sanjoanen hasieran, kaldereroak, inude eta artzainak, gabonetan, auzoetako danborradetan... “Proiektu honen alde positiboetako bat parte-hartzea da, herriko gazteei beti eman zaie txarangan aritzeko aukera. Urumea txaranga herriaren eta herriarentzako txaranga da”, gehitu du Loyartek.

Pilota partida profesionalen jaialdia, estreinakoz

Programan adin-tarte eta zaletasun guztiei toki egiten saiatzen da Jai Batzordea. Aurten, nobedadeen artean, pilotari profesionalen jaialdia antolatu du Txirri Pilota Elkarteak, ekainaren 25ean (19:00, udal pilotalekuan). Arkaitz Oses elkarteko kideak azaldu duenez, “batetik, herriari pilota jaialdi handi bat eskaini nahi genion eta, bestetik, gure elkarteko pilotariei horrelako jaialdi bat bizitzeko aukera eman nahi genien”.

Lau partida ikusteko aukera izango dute pilotazaleek: Egiguren V-Eskuza eta Exposito-Bikuñaren artekoa; sanferminetako final laurdenetako partida Elordi eta Dario edo Salaberriaren artean; eta, jaialdiko partida garrantzitsuena Altuna III-Rezusta eta Peio Etxeberria-Zabaletaren artekoa izango da (dagoeneko sarrera guztiak agortu dira).

“Udalak jaialdia babesteko erabakia hartu du. Lan pixka bat egin behar izan dugu antolakuntzan eta egin beharko dugu, baina gustura gaude erantzunarekin eta uste dugu herritarrek eskertu dutela ahalegina”, aipatu du Osesek.

Hernaniko erraldoi eta buruhandien kanta eta dantza estreinatu da

Aurtengo sanjoanetan Herburu erraldoi eta buruhandien konpartsak abesti propioa eta dantza estreinatuko ditu. Haritz Ezeizak eta Leire Goñik sortu dute Segi bihar dantzan kanta. “Aurrerantzean, konpartsaren irteera guztietan entzungo da kanta hau, udaletxera sartzeko agur modura”, azaldu du Aitor Aiestaran Herburu konpartsako lehendakariak.

Herbururen hastapenak gogora ekarri ditu Aiestaranek: “Herburu konpartsa duela bost urte sortu zen, belaunaldi aldaketa baten ostean”. 2022a urte giltzarria izan zen Herbururentzat, urte hartako sanjoanetarn bi erraldoi berri aurkeztu baitzituzten: Adarra eta Sorgina. Ordutik, baserritar bikotearekin batera, laukote dira.

“Asko eta asko dira gugana gerturatzen diren herritarrak eta ateratzen garen bakoitzean atzetik etortzen zaizkigunak”, aipatu du Aiestaranek. Konpartsaren ibilbidea sendotzen ari den honetan etorri da Segi bihar dantzan kantaren sorrera. “Herri eragile garen heinean, beste eragile batzuekin eta Udalaren laguntzarekin bideoklipa sortu dugu”. Grabaketan herriko hainbat eragilek parte hartu dute: Ttarla dantza taldeak, Hernani Club Rugby taldeak, Pausoka elkarteak eta Zapotxin pailazoak. Musikariak, berriz, Ixiar Jauregi, Haritz Ezeiza, Lorena Zalakain, Ander Barrenetxea, Eider Garro, Tomas Lizardi eta Joana Ortega izan dira. Bideoklipa Jai Batzordearen aurrean estreinatu dute gaur.

Bihartik aurrera, Herbururen eta Udalaren sareetan ere ikusgai egongo da. “Hemendik aurrera herritar guztiek esku geratuko da denok gozatzeko herri kulturaz”, gehitu du Aiestaranek.

Ostiral honetan, ekainaren 14an, Preludio Txikian (19:00) dantzatuko dute lehenengo aldiz jendaurrean herriko buruhandi eta erraldoien abestia.

Festen aurretik, girotzen joateko ekimenak

Musikak toki garrantzitsua izango du aurtengo jai egitarauan ere: Zetak, Eire, Bengo, Puro Relajo... taldeen emanaldiak izango dira, horien artean.

Festak, ohi bezala, zezen suzkoarekin bukatuko dira. Aurten, Udalak zezen suzko berriak erosi ditu eta sanjoanetan estreinaldia izango dute.

Sanjoanak ekainaren 23an hasiko badira ere, aurretik herrira festen usaina ekarriko duten hainbat ekitaldi izango dira, aste honetan bertan hasita. Esate baterako preludio txikia ostiralean eta sanjoanetako preludioa larunbatean; Hernani urtekariaren aurkezpena hilaren 20an; Chillida 100 urte udako solstizio berezia hilaren 21ean; txosnen irekiera 22an...

PROGRAMA