Berriak
2024·09·26
Santa Barbarako lakuan dauden dortoka inbaditzaileak atera eta Urnietako Basabizi errekuperazio zentrora eramango ditu Udalak. Ekimen hau Santa Barbarako lakuaren osasunarengatik egingo da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimenarekin. Azken denboraldian, Santa Barbarako lakuan Floridako galapagoen espezieko animalia ugari azaldu dira. Herritarrek etxeko aleak askatzearen ondorioz, hezeguneetan dortoka exotikoak egoteak arazo ekologikoak eragiten ditu eta, ondorioz, kontrol-neurriak hartu behar dira. Izan ere, Floridako galapagoa espezie inbaditzailea da gure eremuan eta bertako ekosistema kaltetzen du.
Santa Barbarako kasuan, Floridako galapago asko daude bertan. Azken urteetan ohikoa bihurtu da dortoka exotikoak etxeko animalia gisa edukitzea. Horien artean arruntenetakoa Floridako galapagoa da. Bizitza luzeak eta handitzeak, maiz, jabeak haren kargu gehiago egin nahi ez izatea dakar. Baina harrapari handi hauek Euskal Herriko ur-ekosistementzat kaltegarriak dira. Habitat berrietara egokitzeko gaitasun handia dute eta oso erasokorrak dira; horregatik, bertako dortokak kanporatzen dituzte. Bestetik, dieta bariatua dute eta desorekak sortzen dituzte ekosisteman; batez ere anfibioak jaten dituzte.
Bihar hasiko dira dortokak harrapatzeko lanak Santa Barbaran. Horretarako, bereziki espezie hauek harrapatzeko diseinatutako hainbat tranpa jarriko dira lakuaren ertzean. Herritarrei eremu hori saihesteko gomendatzen diegu. Tranpak ez dira ukitu behar eta haietara ez gerturatzea gomendatzen dugu, lakura erortzeko arriskuarengatik. Horrez gain, gizakiaren presentzia ere ahalik eta gehien murriztea lagungarria izango da dortokak harrapatzeko, beldurtu egiten baitira. Hilabete batez egongo dira tranpak jarrita eta astero egingo dira ikuskapen teknikoak.
Edozein gertakari edo arazo izanez gero, udaltzaingoarekin harremanetan jartzeko eskatzen dugu (943 248 900). Era berean, etxean dortoka hauetakoren bat izan eta haren kargu gehiago egin nahi ez duenak, Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainekin jarri behar du harremanetan (943 000 420).