Berriak
Atzealdea Suteak kaltetutako eraikinak ez du egiturazko kalterik, baina lau etxebizitzetako bizilagunek ezin izango dute oraingoz euren etxera itzuli
2025·02·03
Hernaniko Kale Nagusian atzo (otsailak 2) piztutako sutearen ondorioz zortzi eraikin hustu behar izan ziren, 40 etxebizitza. Atzo arratsalde partean gehienak beren etxera itzuli ahal izan ziren, baina 36 zenbakikoek (sutea bertan hasi zen) eta ondoko bi eraikinetakoek (34 eta 38), gaua kanpoan pasatu dute.
Gaur goizean udal teknikariek eta suhiltzaileek hustutako etxebizitza guztien azterketa bat egin dute, eta ondorioztatu dute ondoko bi eraikinetan (34 eta 38) kalte batzuk eduki arren, ez dagoela arazorik etxera normaltasunez itzultzeko.
Ezberdina da egoera sutea piztu zen 36. zenbakiko bizilagunentzat. Lau etxebizitza eta lokal komertzial bat daude zenbaki horretan.
Lokalean arazorik ez dago ohiko jarduerara itzultzeko, kalterik ez baitu izan. Eraikinean ez dago egiturazko kalterik. Kalteak daude teilatuan eta erre den etxean, eta horrez gain beste etxeetan ere badira kalte batzuk... Horren guzti horren ondorioz, 36 eraikineko bizilagunak ezin izango dira itzuli etxera, eta udaleko zerbitzu Sozialetako teknikariak jadanik lanean ari dira familia guztiei alternatiba bat eskaintzeko.