Taberna, kafetegi eta jatetxeetako terrazen ordenantza berrikusten ari da Udala eta herritarren eta eragileen iritzia jasotzen hasi da
2022·10·05
Pandemiaren eraginez murrizketa asko izan dira eta horietako askok bete-betean eragin dute ostalaritza sektorean. Zailtasun horiei aurre egiteko terrazak jarri edo handitu ahal izatea oso lagungarria izan da negozio askorentzat. Horren garrantziaz jabeturik, Udalak malgutasunez jokatu du establezimendu bakoitzak jarri duen mahai kopuruari dagokionez.
Horrek, ordea, espazio publikoaren erabiltzaile ezberdinen arteko elkarbizitza eraldatu du, eta, behin pandemiaren murrizketak bukatuta, espazio publikoaren erabilera ezberdinen arteko oreka berrezartzea ezinbestekoa da.
Hortaz, Hernaniko Udalak taberna, kafetegi eta jatetxeetako terrazen ordenantza berrikusteko prozesua martxan jarri du.
Terrazen auzia alderdi ezberdinetatik aztertzea beharrezkoa dela iritzita, erabiltzaileen beharrak identifikatu eta proposamen osatu bat egitea da Udalaren nahia. Hori dela eta, parte-hartze prozesu bat abian jarri du. Herritarren iritzia jasotzeko inkesta zabalik dago eta urriaren 16ra arte erantzuteko aukera egongo da:
Inkesta ez da parte-hartzeko bide bakarra izango, herritarrei eta eragile sozialei irekitako aurrez aurreko saio ireki bat ere egingo baita. Hilaren 19an izango da, 18:30ean, Biterin. Herritarren eta eragile sozialen iritzia jasotzeaz gain, sektorearen ekarpenak jasotzeko bideak ere zabaldu ditu Udalak eta, horretarako, berezko inkesta bat diseinatu du, baita sektoreari bideratutako saio bat ere.