Berriak

Atzealdea Ostalaritza establezimenduei hobarituko zaie terrazak eta mahaitxoak jartzeagatik ordaindu beharreko tasa

Herritarrei zergak eta tasak 2021an ez igotzea aho batez onartu zen joan zen astearteko osoko bilkuran. Horrekin batera, pandemiak modu latzean kolpatu duen ostalaritza sektoreari terrazak eta mahaitxoak jartzeagatik ordaindu beharreko aurtengo tasa %100ean hobaritzea ere onartu zen aho batez.

2020·10·06


“Pandemiak sektore ekonomiko ugari kaltetu du eta ostalaritza, adibidez, krisialdi honen ondorioak modu bereziki larrian pairatzen ari da”, nabarmendu zuen Isa Sanchez Ogasun zinegotziak.

“Konfinamenduan erabat itxi behar izan zituzten negozioak, eta gerora ere irekitzeko aukera izan dutenean, baldintza zorrotzak ezarri zaizkie, ordutegi eta aforo aldetik”, gogorarazi zuen Sanchezek. “Udazkenean sartuta, ez dirudi egoera hobetuko denik, horregatik, egoera larri honetan laguntzeko modu bat bezala, gure proposamena da terrazak eta mahaitxoak jartzeagatik ordaindu behar izan duten tasa %100ean hobaritzea, hau da, aurtengo tasa ez kobratzea”.

Hobari horrekin batera, ura, saneamendua eta hondakinen bilektaren tasak hobaritu zaizkie negozioa itxita eduki behar izan duten bitartean. Eta, sektore honentzat beste laguntza bat jasotzen du COVID-19ari aurre egiteko asmoz Udalak maiatzean aurkeztu zuen talka planak.

Laguntza horiek Hernaniko autonomoei eta enpresa txikiei zuzenduta daude eta, guztira, 525.000 euroko dirulaguntza poltsa bat osatu zuen Udalak.