Berriak
Atzealdea

Tokiko Enplegu Planarekin sei langabetu kontratatuko ditu Hernaniko Udalak

Elektrikari eta igeltseroen lanpostuak betetzeko izen-ematea irekita dago Lanbiden

2023·11·16


Hernaniko Udalak Tokiko Enplegu Planarekin sei lan-kontratazio egingo ditu: udal-bridagarako bi pioi; igeltsero bat eta hiru elektrikari. Hernanin erroldatuta dauden langabeek izango dute lan-eskaintza honetan parte hartzeko aukera.
 
Horietako lau lanpostu betetzeko izen-ematea zabalik dago: hiru elektrikari eta igeltsero postuena. Lanbideren bidez eman behar dute izena interesa dutenek, Lasarte-Oriako bulegoan (www.lanbide.eus). Azaroaren 24a izango da izena emateko azken eguna.
 
Tokiko Enplegu Plana garatzeko 109.000 € bideratuko dira. Horietatik 34.000 € Udalak bere gain hartu ditu. Gainerakoa, Lanbidek (75.000 €).
 
Kontratuen ezaugarriak
Lanpostu guztiak lanaldi osokoak izango dira eta, bost eta sei hilabeteko iraupena izango dute kontratuek. Lehen mailako igeltsero eta elektrikari postuak izango dira, langabezian dauden herritarrak lan-munduratzeko. Euskara jakitea eskatuko da.
 
Elektrikarietako bi, obra publikoetan ariko dira eta bost hilabeteko kontratua izango dute. Hirugarren eletkrikari-postua kiroldegian aritzeko izango da. Kontratu hau sei hilabetekoa izango da. 
 
Udal brigadan pioi lanetan ariko diren bi lagunak dagoeneko kontratatu dira, bost hilabeterako (emakume bat eta gizonezko bat). Hauek, 150 orduko formakuntza jaso dute lanean hasi aurretik. 
 
Guztira, 16 langabetu kontratatuko dira 2023an
Tokiko Enplegu Plana eta 30 urte arteko gazteei zuzendutako Lehen Lanbide Esperientzia Administrazioan programekin, Hernaniko Udalak 16 langabetu kontratatuko ditu 2023an.
 
Tokiko Garapenaren ikuspegitik garrantzitsua da herritar langabetuak lan-merkatuan sartzen laguntzea. Apustu hori egin du Hernaniko Udalak eta horretara 207.150,54 € bideratu ditu aurten.