Berriak
Atzealdea

Tokiko moneta sozializatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute Udalak eta Ekhilur kooperatibak

Xabier Lertxundi Asteasuinzarra alkateak, Hernaniko Udalaren ordezkari gisa, eta Miguel Angel González Gonzálezek, EKHILUR kooperatiba Elkartearen izenean, hitzarmena sinatu dute. Horren helburua da tokiko moneta sozializatzeko ekintzak egitea, Hernani burujabe herri-proiektuaren baitan, tokiko moneta bertako ekonomia indartzeko tresnatzat hartzen baita.

2022·02·14


Hernani burujabe herri-proiektuaren baitan, tokiko ekonomia indartzeko tresnatzat hartzen da tokiko moneta. Hartara, tokiko moneta tokiko merkataritza sustatzeko eta ekonomia jasangarriagoa eta solidarioagoa izan dadin ardatz bat izanik, Udalak agente aktibo izan nahi du eraldaketa honetan. Ekhi monetaren erabilera sozializatzeko, beraz, Ekhilur irabazi asmorik gabeko kooperatibarekin lankidetza hitzarmena sinatu berri du.

Tokiko monetaren helburuak hauexek dira:

  • Zirkuitu ekonomiko itxia lortzea, tokiko ekonomia eta merkataritza indartzeko
  • Herritarren erosketa ohiturak aldatzea, herrian egitera animatuz
  • Komunitatea indartzea bizitza soziala eta ekonomikoa hobetzeko
  • Hurbiltasun-ekonomia indartzea
  • Udalerriko ekonomia dinamizatzea

Udalak Ekhilur kooperatibari 28.900 euroko dirulaguntza zuzena emango dio monetaren ezarpenerako beharrezkoak diren lanak egin ditzan.

Ekhilur kooperatibaren betebeharrak hauexek dira:

  1. Plataforma erabiltzeko prestakuntza eta ekhi moneta sozialaren erabileran inguruko laguntza ematea pertsona erabiltzaileei, negozioei eta norberaren konturako langileei.
  2. Ekhia erabiltzeko zirkuituak Hernaniko eta inguruetako dendetara, elkarteetara eta enpresetara zabaltzea.
  3. Ekhia onartzen duten hornitzaileak bilatzea, Hernaniko dendei erabilera errazteko.
  4. Enpresei eta norberaren konturako langileei ekhiak eta Ekhilur sistema merkataritzan kudeatzeko aholkuak ematea, ekhien birzirkulazioa errazteko eta euroetara aldatu beharrik ez izateko.
  5. Adierazle ekonomiko agregatuak sortzea, programatzea eta mantentzea, merkatarien elkarteak zein Udaleko Ekonomia Sailak kontsultatu ahal izateko. Adierazle horiek merkatariekin eta Udal teknikariekin adostuak izango dira.
  6. Hernanin ekhi moneta sozialaren erabileraz sentsibilizatzeko hitzaldiak antolatzeko laguntza (hitzaldi eta hizlarien egitaraua), beste leku batzuetako antzeko esperientzia dutenei partekatzera gonbidatuz.