Berriak
Atzealdea

Transpacarreko ikasleek eta irakasleek oporren bezpera ospatu dute

1
Oinarrizko Lanbide Heziketako (OLH) egoitzan izan gara gaur. Egun seinalatua da, neguko oporraldiaren azkeneko eguna delako eta lehen ebaluazioko notak eman dizkietelako. Urteko azken eskola eguna denez, mahai baten inguruan bildu dira bi taldeak, 25 ikasle baino gehiago, baita haien irakasleak ere.

2019·12·20


Kuskusa oilaskoarekin, txistorra, bizkotxoak… prestatu dituzte hamaiketakoa egiteko. Eskolako azken eguna da eta, egun berezia denez, aztoratuta samar dabiltza, baina pozik, denak eseri dira mahaiaren inguruan mokadua jateko.

Irakaskuntza arautuan ibilitakoak dira zentroko ikasle gehienak, baina arrazoi bat edo bestea, ohiko hezkuntza ibilbidetik kanpo gelditu dira. 15 eta 17 urte bitartekoak dira eta, Transpacarren egiten ari diren formakuntzari esker, irakaskuntzara itzultzeko aukera izango dute.

Ibilgailuen konponketarako prestakuntza eskaintzen diete Transpacarren. Gipuzkoa osotik etortzen dira Hernanira. Ahmed* Arrasatetik etortzen da egunero. “Autobusa hartzen dut eta gero Zumarragan trena”, esan digu. “Goizeko 6:00ak aldera jaikitzen naiz”.

Tariq* pakistandarra da. Bere herrialdea utzi zuen Europara etortzeko itxaropenaz. Greziara iritsi arte zortzi bat hilabete pasa ditu bidean, Euskal Herrira ekarri zuten arte. Hiru hilabete eskas daramatza gure artean, adingabeen harrera zentro batean. Tariqek ez du oporraldia nahi. Klaserik gabeko bi aste hauek gogorrak izango direla aitortu digu. “Zer egingo dut han, zentroan?”, esan du. Hiru hilabete daramatza bertan eta oraindik ez du zentrotik irteteko baimenik. Hernanin ikasten ari denarekin oso gustura dago eta, gainera, gaztelera eta euskara ikasi nahi ditu, hemen bizi eta lan egin nahi duelako.

Oraingo ikasleen topaketari gehitu zaio iaz arte Transpacarren egon ziren ikasle ohi talde bat. Haiek gainditu zuten eta egun Lanbide Heziketa Erdi Mailako prestakuntza zenbait zentrotan daude. Bereskuratu dute eskolaratzeko bidea eta aukera hori eskaini zieten irakasleei eta zentroari eskerrak ematera etorri dira. Beste ikasleekin batera mokadutxoa jan ondoren, dena jasotzen lagundu dute.

Notak jasotzeko garaia iritsi da. Sorpresa handirik ez. Gehienek badakite, gutxi gora behera, nola joan den hiruhilekoa eta zein izango den emaitza. Xabier Lertxundi alkatearen eta Oier Agirresarobe Hezkuntza zinegotziaren eskutik jaso dute txostena.

Bi aste hauetan atseden hartzeko tartea izango dute denek, ikasleek eta irakasleek. Baina urtarrilean ekingo diote batzuek eta besteek haien eginbeharrari.

*Izenak ez dira benetakoak

1