Berriak
Atzealdea

Haurren eskubideen promozio, prebentzio eta babes politikak martxan jartzeko helburuz egin du bat Udalak Tratu On programarekin

Gaur Haurren Nazioarteko Eguna dela eta, haur eta nerabeen eskubideen inguruko ekimen baten berri eman dute udal ordezkariek. Tratu On programa da eta Hernaniko Udala horretan parte hartzen ari da. Programa horren xede nagusia da toki erakundeetatik haur eta nerabeentzako ingurune seguruagoa eta bidezkoagoa lortzeko politikak garatzea.

2020·11·20


Xabier Lertxundi Asteasuinzarra alkateak gaur jakinarazi duenez, Hernaniko Udalak bat egin du Tratu On proiektuarekin. Educo Fundazioak sustatzen du programa hau. Educo mundu mailako garapenerako kooperazio Fundazio bat da eta duela 25 urte baino gehiagotik haurtzaroaren alde eta beraien eskubideen defentsan dihardu. Programa hau Gipuzkoan zabaltzen hemengo elkarte bat, Hezi Zerb, ari da.

Tratu On ekimenak arreta berezia jartzen du haurren hiru eskubideren inguruan eta, bereziki, eskubide horiek gauzatzeko tokiko erakundeetatik egin daitezkeen politiketan, zehazki, eskubide horien promozio, prebentzio eta babes politiketan. Hauek dira landuko diren hiru eskubideak:

  • Bizitzan zehar kalitatezko, transformatzailea eta  bidezkoa izango den hezkuntza baterako eskubidea.
  • Inguru seguru eta babesleetan bizitzeko eskubidea.
  • Haurtzaroaren eskubideak sustatzen dituen sistema publiko baten markoan, hiritartasun aktiboa gauzatzeko eskubidea.

Hernaniko Udala programa horretan parte hartzen hasi da aurten eta haurren eskubide horiek bermatzeko politikak martxan jartzeko prest dago. Lertxundik gogorarazi duenez, “Udaletik haurren eskubideak bermatzeko gure esku dagoen guztia egiteko prest gaude, baita behar diren baliabideak jartzeko ere”. Politika horiek guztiak landu ondoren, emaitza izango litzateke haurtzaroarekiko tratu onaren aldeko udal plana.

Oier Agirresarobe Lizaso Hezkuntza Arloko zinegotziak azaldu duenez, plan hori osatzeko Udalaz gain, komunitatearen partehartzea ere funtsezkoa da, hala nola, ikastetxeak, haur txokoa, gaztelekua, kirol eta kultur elkarteak, beste eragileak... plan horren lanketak bizpaihuru urte eramango ditu, baina lehen fasean murgildu da Udala.

Lehen fase honetan haurren eskubideen inguruan Hernani zein egoeran dagoen aztertzen ari gara. Ikastetxeekin hasi da egiten diagnostiko hori eta irakasle, zuzendaritza, ikasle eta gurasoen partehartzea eskatzen du honek.

HAUEK DIRA Tratu On programaren helburuak eta lan-ildoak

1. Administrazio eta politika publiko eraginkorragoak haur eta nerabeen eskubideen aldeko apustu argi batekin.

2. Ikastetxe irekiagoak, berritzaileak, malguak eta inklusiboak.

3. Gurasotasun positiboa hobeto burutuko duten familiak.

4. Haur eta nerabeentzat komunitate eta inguru sozial babesleagoak, atseginagoak eta egokiagoak.

5. Beraien eskubideak hobeto ezagutuko duten, eskubide horiek nola gauzatu jakingo duten, motibatuagoak egongo diren eta gaitasun gehiagoko haur eta nerabeak.