Berriak
Atzealdea

Tren geltoki berria eraikitzeko lanak urtarrilean hasiko dira

Hernaniko tren geltoki berria eraikitzeko lanak hasteko hilabete eskas bat falta da. Renfe-Adifek sustatu eta finantzatutako lanak dira, 13 hilabeteko iraupena izango dute eta horien helburua da geltoki segurua eta irisgarria izatea. Hala ere, obrak alboko kalteak eragingo ditu, bereziki, Karabel auzoan. Horiek leundu nahian, alternatibak prestatzen ari da Udala.

2020·12·22


Aspaldiko eskaera zen Hernanirako tren geltoki txukun bat. Egungo apeaderoaren egoera kaskarra da, ez da irisgarria eta arriskutsua da. Azkenean, geltoki irisgarria, modernoa eta segurua izango du Hernanik; Renfe eta Adifen aurreikuspenak betetzen badira, 2022ko martxorako prest egongo da.

Geltoki berria eraikiko dute egungo igogailuaren parean. Horren bitartean, geltoki zaharra erabilgai egongo da. Geltoki berriak igogailuak izango ditu bi aldeetan, baita eskailerak eta arrapala bat ere. Karabelera joateko azpiko bide bat egingo dute eta, bidaiarientzat ez ezik, Karabel auzoa erdialdearekin lotzeko bidea ere izango da -herritarrek erabili ahalko dute gauez izan ezik, geltokia itxita egongo delako-.

Hamahiru hilabeteko lan horiek, baina, alboko kalteak ekarriko dituzte eta, bereziki, Karabelgo auzoan. Zarata sortuko dute lanek -tren zerbitzua mantendu ahal izateko gauez egingo baitute lan-, aparkalekuak ere murriztuko dira geltoki berria eraikitzeko behar den makineria guztia sartu ahal izateko, eta Portutik Karabelera joateko oinezkoek egun erabiltzen duten ohiko bidea ere itxiko da obra hasi bezain laster.

Obraren nondik norakoak eta horrek izango dituen ondorioak azaltzeko bilera bat egin du aste honetan Udal Gobernuak Karabelgo auzo elkartearekin. Herriko alkate Xabier Lertxundik eta Hirigintzako zinegotzi Mattin Aldaiak azaldu diete kalte horietako batzuk ezingo direla leundu, esaterako, zaratarena. Baina aparkalekuen murrizketaren eta oinezko bidearen itxieraren aurrean alternatibak prestatzen ari da Udala.

Aparkalekuari dagokionez, obrak dirauen bitartean, 40 plaza gutxiago izango dira -ez denak batera-. Auzoan dagoen aparkatzeko arazoa larrituko da horren ondorioz, eta, horren aurrean, alternatiba bat landu du Udal Gobernuak. Izan ere, Zubiperen zelaitik Landarerantz, Udalaren lurzorua den triangelu bat egokituko da behin behineko aparkaleku izateko. Horretaz gain, bide horretan bertan lerroan aparkatu ahalko da. Guztira, 45 bat aparkaleku izango dira. Bide hori argiztatuko da, segurua izan dadin.

Portutik Karabelera joateko oinezko bideari dagokionez, egungo geltokiaren nasatik igarotzen da bidea eta, beraz, obra hasi bezain laster, itxiko da. Horren ordezkoa egingo du Udalak, nasaren parean, behealdetik. Horretarako, desjabetzeak eta txukunketa lanak egin beharko dira datozen hilabeteotan.

Proiektuaren aurkezpen laburra