Berriak
Atzealdea Trukehernani.eus sortu du Udalak, produktuen trukerako zero kilometro webgunea
2024·09·17
Gaurtik aurrera, hernaniarrek etxean soberan dituzten edo erabiltzen ez dituzten gauzak trukatu, oparitu edo saltzeko tokiko webgunea izango dute: www.trukehernani.eus. Ainara Atorrasagasti Ingurumen zinegotziak Udalak webgune hau “hondakinak murrizteko prebentzio neurri” bat dela azaldu du.
“Akaso, herrian izango da guk soberan edo erabiltzen ez ditugunen beharra duenen bat: herritarren artean eman eta erabiltzea sustatu nahi dugu, zero kilometro eta tokikoa hemen ere”, azaldu du Atorrasagastik. “Bigarren eskuko erabilera sustatzeak herritarren arteko harremanak sortzen ere lagunduko du”.
Erabiltzeko oso sinplea den webgunea
Tamara Zapiain Hondakinen Prebentzio teknikariak azaldu duenez, “gisa honetako plataformak ezagunak dira, baina guk gertutasunaren alde egin nahi dugu: mezularitza zerbitzurik gabe funtzionatuko duen sarea sortu nahi dugu, aurrez aurre, oinez, herrian geratuta, gauzak trukatzeko”.
Trukehernani.eus-en funtzionamendu sinplea oso sinplea da: “Erabiltzeko erraza izateko helburuarekin diseinatu da”, esan du Zapiainek. Erabiltzaileek hiru aukera izango dituzte: produktuak eman, trukatu edo saldu. Horretarako, erabiltzaile profila sortu beharko du herritarrak: bai produktu bat eskaintzeko eta baita eskuratzeko ere. “Profila beharko da interesatuak elkarrekin kontaktuan jartzeko”.
Webguneak hainbat arau eta erabilera aholku ere biltzen ditu.
Trukehernani.eus erabiltzeko gonbita
Atorrasagasti zinegotziak herritarrak www.trukehernani.eus ezagutu eta erabiltzera animatu ditu: “Jolasak eta jostailuak; puzzleak; altzariak; ortopedia; kiroletako produktuak; haurrentzako gauzak; argiztapena eta dekorazioa; motxilak; eskola materiala; animalientzako produktuak; gailu elektronikoak; musikatresnak; etxekoak edo beste zerbait. Ziur etxean baduzula zerbait soberan eta egoera onean. Hori, ez bota, berrerabili!”.
Horretarako, datorren asteartean (irailak 24), Autokonponketa Tailerra irekita dagoen bitartean (10:00-13:00/16:00-19:00) webgunea nola erabiltzen den azalduko die bertako hezitzaileak herritarrei.