Berriak
Atzealdea

Txotx denboraldia hasteko atzerako kontaketa hasi da

Txotx denboraldia hastear dago. Ostiralean, 19:30ean, izango da aurtengo irekiera ekitaldia, Ezkiaga pasealekuan. Pilotagintzako ordezkariek egingo dute denboraldiaren lehenengo txotxa. Ondoren, herritar guztiontzat zabalduko da kupela.

2019·01·14


2019ko txotx denboraldia hastear dago. Sagardotegiko menua eta urteko sagardo berria dastatzeko irrikan daude asko. Ostiralean, 19:30ean, Ezkiaga pasealekuan izango da txotxaren irekiera ekitaldia. Aurtengo omenduek -pilota munduko ordezkariek- egingo dute lehen txotxa eta ondoren herritar guztiontzat zabalduko da kupela. 20:00etan Ereintza dantza taldearen ikuskizuna ikusteko aukera izango da; "Gu Agustina" emakumezko raketisten omenez.

IREKIERA EKITALDIAREN EGITARAUA / Programa del acto de apertura

2019-01-18 Txotx denboraldiaren inaugurazioa. Ezkiagan.

*Eguraldi txarra bada, Atsegindegin.


18:00-19:00 Esku pilota partidak. Ezkiagako frontoian.

* benjaminak / alebinak.

18:45-19:30 Trikitilariak. Herriko kaleetan.

19:15 Txalapartariak. Ezkiagan.

19:30 Txotx irekiera. Ezkiagan. Omendua: Hernaniko Pilota Mundua.

* Modalitate desberdinak kontuan izanik: esku pilota, pala, erremontea.    

20:00 -20:30 “Gu Agustina” dantza ikuskizuna.

Ereintza dantza taldeak emakumezko raketisten ibiliak jarriko ditu plazan.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

2019-02-23 XIII. Sagar Lasterra. Herri krosa.

Horrez gain, otsaileko, martxoko eta apirileko asteburuetan:

- Turismo informazio puntua irekita.

Larunbatetan eta Ostiral Santu egunean 10:15-14:15 /16:30-19:30  

Igandetan   11:00-15:00

- Bisita gidatuak hirigune historikoan.

- Ibilbideak Tren Berdean.

- Pakete turistikoak:

• Bisita gidatua hirigune historikoan + “erremontista egun batez” + erremonte partidak ikusi.

• Bisita gidatua hirigune historikoan + erremonte partidak ikusi.

 

ZENBAIT DATU ETA UDALAK HARTZEN DITUEN NEURRIAK

-Hernanik milaka pertsona hartzen ditu txotx garaian.

• Herriko 12 sagardotegiek 1.800 otordu eskaintzeko ahalmena du. 2017an, 59.625 erretserba egon ziren denboraldi osoan. Martxoko larunbatek kontzentratzen dute eskaintzarik handiena. Erretserba guztien %45, martxoan.

• Hiribusa (sagardotegietako ibilbidea egiten du ostiraletan eta larunbatetan: 2017an 8.320 bidaiari izan zituen zerbitzu horrek).

• Kanpotik datozen autobusak: Udaltzaingoak ia 500 autobus zenbatu ditu denboraldi osoan (24.000 pertsona).

• Horietaz gain, trenean, autobus erregularrean eta autoz datozenak daude (ezin dira zenbatu).

Kopuru handia da eta horrek herrian eta herritarrengan (batez ere Kaxkoko bizilagunentzat) eragin handia du. Hori kontuan hartuta, Udalak zenbait neurri berezi hartzen ditu:

-Ohiko neurriak:

• GARBIKETA:

-Kale garbiketa indartu. Asteburuetan, Kaxkoan, garbiketa berezia egiten da. Bi pertsona gehiago kontratatzen dira denboraldian.

-Kaleko komun gehiago jarri (Gudarien plazan, Atzieta kalean eta Zinkoenean komun mugikorrak jartzen dira eta Plaza Berriko komun publikoak irekitzen dira. Nafar kaleko komunek osatzen dute eskaintza).

• SEGURTASUNA:

-Udaltzaingoa: liskarren prebentzioa egiteko Udaltzaingoak zerbitzua indartzen du asteburuetan (ohiko zerbitzua bikoiztuko dute denboraldi osoan).

-Ertzaintzak autobus geltokien eta tren geltokien kontrola egiten du.

• GARRAIOA:

-Hiribusak sagardotegi guztietatik ibilbidea egiten du asteburuetan ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko eta alkoholarekin izan daitezkeen arazoak ebitatzeko. Iaz indartu zen zerbitzu hau eta aurten mantenduko da. Ordutegia eta ibilbideak

-Taxien zerbitzua ere indartzen da, batez ere martxoko larunbatetan (Hernaniko taxiez gain, Buruntzaldeko eta Oarsoaldeko taxiekin akordioa dago Hernanin zerbitzua emateko).

SENTSIBILIZAZIO KANPAINAK

1. Sexu erasoen kontrako kanpaina.

• Sexu erasoen kontrako Erakunde Arteko Protokoloa du Hernanik eta ostalariek formakuntza jaso dute, erasoren bat antzemanez gero, protokolo hori martxan jartzeko.

• Aurtengo berritasuna: “Indarkeria sexistarik gabeko gunea”: informazioa, esku-orriak eta pegatinak egongo dira bertan Nafar Kalean egongo da gunea otsaila eta martxoko larunbatetan (18:00-21:00). Emagineko adituen bidez eskainiko da zerbitzua. Erasoa jasan dutenentzako edo ikusi dutena eta berri eman nahi dutenentzat.

• Arretarako telefono berezia ere martxan jarriko da: 688 685 164. Hori ere otsaila eta martxoko asteburuetan (larunbata eta igandea). Gainontzeko egunetan (24 ordutan) Udaltzaingoaren telefonoa 092 edo 112 larrialdietarako telefonoa daude. 

2. “Hernanin gozatu eta arduraz jokatu” kanpaina

• 2016an martxan jarritako kanpaina da. Hernaniko herritarrak eta herria bera errespetatzeko deia egiten du. Bizilagunok atsedenerako dugun eskubidea aldarrikatzen du. Kalean kartelak, pankartak, pegatinak... eta hedabideetan kanpaina ere zabalduko da.

SEGURTASUN eta INFORMAZIO GUNEA

Iaz Gudarien plazan jarri zuen Udalak Udaltzaingoak kudeatutako segurtasun eta informazio gunea. Ondo baloratu zen eta aurten ere funtzio horiek beteko dituen bulego bat egongo da.

Udaltzainek mahai informatibo bat izango dute udaletxearen arkupeetan eta HHZko bulegoetan artatuko dira pertsonak. Helburua da Udaltzaingoaren zerbitzua gerturatzea, liskarrak edo sexu erasoak egonez gero, herritarrek herrigunean bertan artatzeko aukera izatea. Larunbatero, 18:00-05:00.