Berriak
Atzealdea

Txotx denboraldian hartuko diren neurriak

Txotx garaia hasi da. Hernaniko sagardotegiak irekita daude eta sagardo berria dastatzeko asmoz jende andana etortzen da, bereziki, asteburuetan. Hori dela eta, Hernaniko Txotx Mahaian adostutako neurriak jartzen ditu martxan Udalak. Komun gehiago kaleetan, informazio eta segurtasun gunea, sagardotegietako ibilbidea egiten duen Hiribusa, garbiketaren eta kaleko segurtasunaren indartzea... Horiek guztiak otsailaren erdialdetik apirilaren amaierara arte egongo dira martxan.

2020·01·31


ZENBAIT DATU ETA UDALAK HARTZEN DITUEN NEURRIAK
-Hernanik milaka pertsona hartzen ditu txotx garaian.
    • Hernaniko 12 sagardotegiek 1.800 plaza eskaintzen dituzte. 60.000 inguruko erretserba izaten dute denboraldi osoan; erretserben ia erdia martxoan.
    • Hernaniko Hiribusa (sagardotegietako ibilbidea egiten du ostiraletan eta larunbatetan).
    • Kanpotik datozen autobusak: iazko denboraldian 466 autobus zenbatu ditu (gutxi gora behera 24.000 pertsona).
    • Horietaz gain, trenean, autobus erregularrean eta autoz datozenak daude.
-Kopuru handia da eta horrek herrian eta herritarrengan (batez ere Kaxkoko bizilagunentzat) eragin handia du. Hori kontuan hartuta, Udalak Txotx Mahaian adostutako zenbait neurri hartzen ditu:
-Ohiko neurriak:
    • GARBIKETA:
-Kale garbiketa indartzen da. Asteburuetan, Kaxkoan, garbiketa berezia egiten da.
-Kaleko komun gehiago jarri: ohiko moduan, Gudarien plazan, Atzieta kalean eta Zinkoenean komun mugikorrak jarriko dira eta Plaza Berriko komun publikoak ere irekitzen dira. Nafar kalean dauden komunek osatzen dute eskaintza. Aurtengo berritasuna: autobusek aparkatzen duten Ibaiondo poligonoan ere jarriko dira komunak.
    • SEGURTASUNA:
-Udaltzaingoa: liskarren prebentzioa egiteko Udaltzaingoak zerbitzua indartzen du asteburuetan (ohiko zerbitzua bikoiztuko dute denboraldi osoan-otsailaren 15etik apirilaren amaiera arte).
-Ertzaintzak autobus eta tren geltokien kontrola egiten du, baita Kaxkotik kanpoko eremuarena ere. Horrela, udaltzainak arreta guztia jar dezakete Alde Zaharreko eremuan.
    • GARRAIOA:
-Hiribusak sagardotegi guztietatik ibilbidea egiten du asteburuetan ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko eta alkoholarekin izan daitezkeen arazoak saihesteko. Duela bi urte indartu zen zerbitzu hau eta aurten mantenduko da. Hiribusaren ordutegiak
-Taxien zerbitzua ere indartzen da, batez ere martxoko larunbatetan (Hernaniko taxiez gain, Buruntzaldeko eta Oarsoaldeko taxiekin akordioa dago Hernanin zerbitzua emateko).


-Informazio eta arreta guneak:
    • SEXU ERASOEN KONTRAKO KANPAINA
Sexu erasoen kontrako Erakunde Arteko Protokoloa du Hernanik eta ostalariek formakuntza jaso dute, erasoren bat antzemanez gero, protokolo hori martxan jartzeko.
Iaz jarri zen lehen aldiz “Indarkeria sexistarik gabeko gunea” Nafar kalean. Iazko esperientzia ondo baloratuta, aurten ere jarriko da. Bertan, informazioa, esku-orriak eta pegatinak egongo dira. Erasoa jasan dutenentzako zerbitzua da, baita erasoren bat ikusi eta horren berri eman nahi dutenentzat.
Arretarako telefono berezia ere martxan jarriko da: 688 685 164. Horretaz gain, Udaltzaingoaren telefonoa 092 edo 112 larrialdietarako telefonoa daude 24 orduz erabilgarri.
    • SEGURTASUN eta INFORMAZIO GUNEA
          2018an jarri zuen Udalak lehen aldiz Udaltzaingoak kudeatutako segurtasun eta informazio gunea Gudarien plazan. Ondo baloratu zen eta hirugarren urtez funtzio horiek beteko dituen bulego bat egongo da udaletxeko plazan. Helburua da Udaltzaingoaren zerbitzua herritarrengana gerturatzea, liskarrak edo erasoak egonez gero, herritarrek herrigunean bertan artatzeko aukera izatea. Larunbatero, 18:00-05:00.
Isunak

Kaxkoko bizilagunen artean kezka handia sortzen du jendeak kalean utzitako pixek. Udaltzaingoak arreta berezia jartzen du horretan eta, horren ondorioz, iazko denboraldian 266 isun jarri zizkieten kalean pixa egiten ari ziren pertsonei. 200 euroko isuna izaten da, 60 euro momentuan ordainduz gero. Aurten ere indar berezia jarriko da horretan eta, ohiko lekuetan komun publikoak jartzeaz gain, kartel batzuk ere jarriko dira pixa egiten den ohiko lekuetan -pasabideetan eta ezkutuan gelditzen diren txokoetan- jendeari abisatzeko kalean pixa egiteak 200 euroko isuna ekartzen duela.