Berriak
Atzealdea Txotx garaiaren kudeaketa hobetzeko hiru neurri zehatz jarriko ditu martxan Hernaniko Udalak 2026ko urtarrilean
2025·12·04
Txotx garaiko kudeaketa hobetzeko hiru aldaketa aurkeztu ditu gaur Hernaniko Udalak. Neurri zehatzak dira, trafiko-antolaketari eta elkarbizitzari lotutakoak. 2026ko urtarriletik aurrera jarriko dira martxan.
Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak eman ditu gaur azalpenak, Itsaso Lekuona eta Axier Mingo zinegotziekin batera Hernaniko udaletxean bertan egindako agerraldian.
Sagardoaren kultura eta txotx garaiari lotutako egungo pausoak, orain arte Hernaniko Udalak egindako diagnostiko eta hausnarketen ondorio dira. "Gaia modu integralean lantzeko lehen urratsa 2024an egindako diagnostikoa izan zen eta udal ordezkari ezberdinen adostasuna jaso zuten irizpideek", azaldu du alkateak. Hernanin sagardoa eta sagardogintzaren inguruko eredu propio bat garatzeko eta txotx garaiari lotutako elkarbizitza-gatazkari aurre egiteko epe motz-ertaineko estrategiaren beharra azpimarratu zuen diagnosiak.
Diagnostiko horretan identifikatutakoak oinarritzat hartuz, 2025ean ildo estrategikoen antolaketa garatu da: "Espazio publikoaren erabileren antolaketa eta kudeaketa jasangarria egitea, jarduera ekonomikoaren eta bertako herritarren ongizatearen arteko oreka bilatzea, edota bertako kulturaren eta sagardoari lotutako identitate-elementuen zaintza bermatzea dira, besteak beste, helburu espezifikoak", azaldu du Hernaniko Udalak.
Helburu horiek gauzatzen joateko, ekintza-plana garatzea beharrezkoa izango da. "Hain zuzen ere, gaur aurkeztu ditugun hiru neurri konkretu hauek ekintza plan baten barruan kokatzen dira eta etorkizunean lantzen joango garenek ere lan-ildo estrategiko horiei erantzungo die", gaineratu du Lertxundik.
Hiru udal ordenantzaren aldaketa partziala onartu du Udalak ahobatez
Hori horrela izanik, aurretik indarrean zeuden hiru udal ordenantza partzialki egokitu ditu Hernaniko Udalak, txotx garairako neurri berriak txertatu ahal izateko. Joan den asteartean egindako ezohiko udalbatzarrean onartu ziren aldaketa horiek, ahobatez. "Adostasun horrek nabarmentzen du udal barruan gai honen inguruan dagoen sinergia".
Hain zuzen ere, "elkarlana" azpimarratu du Xabier Lertxundi alkateak. "Ez soilik Hernaniko udalean ordezkaritza dugun talde politikoon artean. Gaiaren inguruan aurretik ere elkarlanean gabiltza Kaxko auzo elkartearekin, Berriak merkatari eta ostalarien elkartearekin eta, Gipuzkoako Sagardogileen elkartearekin".
Autobus antolatuak, erreserba bidez
Egin diren ordenantza aldaketetako bik zuzenean eragin nahi dute Hernanira datozen autobus antolatuengan. "Aparkatzeko espazioaren egokitzea bilatu dugu".
Honela, 2026ko urtarrileko azkenaurreko larunbatetik maiatzaren bigarren larunbatera (hau da, urtarrilaren 24tik maiatzaren 9ra) Hernanira etorriko diren autobus antolatuek derrigorrez Ibaiondo poligonoan aparkatu beharko dute. "Debekatuta egongo da autobusak geratzea, aparkatzea eta zirkulatzea baimendutako eremutik kanpo, Hernaniko udalerri osoan". Aldaketa hau oinezkoen eta ibilgailuen zikulazioa eta trafiko lege-hausteengatiko isunak arautzen dituen udal ordenantzan txertatu da.
Bestetik, Hernanira etorriko diren autobus antolatuek tasa bat ordaindu beharko dute 2026tik aurrera: autobus handiek (35 plazatik gorakoak) 100 € eta txikiek (9-34 plaza), 60 €.
Izan ere, txotx denboraldian Hernanira etorriko diren autobus antolatuek aparkatzeko erreserba egin beharko dute, derrigorrez. "Horretarako web-aplikazio bat garatzen ari da Hernaniko Udala. Urtarrilaren erdialdetik egongo da funtzionamenduan". Erreserba kopurua Ibaiondo poligonoko autobusen gunearen araberakoa izango da, "mugatua, 60 autobus ingururentzat".
Honen bidez, aparkatze-eremuan dauden zerbitzuak eta bertako txukuntasuna hobetu nahi dira. "Hernanira etorriko diren autobusek erreserbarekin lekua ziurtatuta izango dute egun osorako eta aparkatzen duten espazioak baldintza egokiak izatea bermatu nahi dugu".
Kalean pixa egiteagatik, isun handiagoak
Hartu den hirugarren neurri zehatzak kalean pixa egiteagatik jartzen diren isunengan izango du eragina. Orain arte, arau-hauste honengatik jartzen zen 200 €ko isunak, azkar ordainduta, %70eko murrizketa zuen; 2026ko urtarriletik aurrera, berriz, %50eko murrizketa izango du azkar ordaintzen bada, eta ondorioz, lehen 60 € ordaintzen zena, 100 € ordainduko da aurrerantzean.
Aldaketa hau Elkarbizitza eta bide publikoaren erabilera eta garbiketa arautzen duen udal ordenantzan txertatu da.
Bisitarien eta herritarren arteko oreka
Txotx garaia oso denboraldi garrantzitsua da Hernaniko herriarentzat, bai kulturalki eta baita ekonomikoki ere. Hala ere, larunbatetan Hernanira etortzen den bisitari kopuruak ezinegonak ere sortzen ditu zenbait herritarren artean, eta Udalak ezin du entzungor egin horren aurrean.
Hainbat neurri hartu izan dira azken urteetan -sentsibilizazio kanpainak, edalontzi berrerabilgarriak, komun publiko gehiago, kale-garbiketa indartzea...- eta bide horretan pauso gehiago ematen joatea da asmoa, bisitarien eta bertakoen arteko oreka bilatzea helburu izanik.
Hernaniarrek txotx denboraldian euren ohiko bizitza egin ahal izateaz gain, sagardoaren kulturara datozenei beste modu bateko gerturatze aberasgarriagoa eskaintzea ere bada helburua, Hernanira datozkigun bisitarien esperientzia hobetuz.


