Berriak
Atzealdea Txotx garaiari buruz gogoeta egiteko erakunde arteko mahai bat eratzeko eskatu diote Hernanik eta Astigarragak Gipuzkoako Foru Aldundiari
2024·02·02
Txotx garaiari buruz eta larunbatetan herriotan sortzen ari diren albo kalteei buruz gogoeta egiteko erakunde arteko mahai bat sortzeko eskatu diote Hernaniko eta Astigarragako udalek Gipuzkoako Foru Aldundiko Oreka Berdeko diputatu Xabier Arrutiri. Bi herriok kezkaz bizi dute sagarraren eta sagardoaren kultura bizitzen ari den desprestigioa, batik bat azken urteotan larunbatetan gertatzen ari den bisitarien etorrera masiboa dela eta. Eredu hori albo kalte nabarmenak izaten ari da Hernanin eta Astigarragan, eta horien aurrean modu bateratuan lan egiteko neurriak hartu behar lituzkete erakundeek. Mahai hori aurten bertan martxan jartzeko eskatu diote bi alkateok diputazioari.
Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea eta Xabier Urdangarin Astigarragako alkatea joan dira gaur eguerdian Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzara, eta han azaldu dizkiote diputazioari abiatu berri den txotx garaiaren harira dituzten kezkak. Kezka horiek erakunde arteko mahai horretara eraman nahi dituzte bi alkateek, helburua izanik diagnostiko komun bat egitea eta ekintza plan bat adostea egoerari aurre egiteko.
Txotx garaian azken urteotan izaten den presentzia handiak era guztietako ondorioak sortzen ditu bi herrietan: garbitasunean, segurtasunean, garraioan... Hainbat arlotan diru sail garrantzitsuak gehitu izaten dizkiote herriek euren ohiko aurrekontuari, ohiko zerbitzuei eutsi ahal izateko. Gainera, uste dute indarrean den txotx eredua aldatu egin behar dela, nolabait larunbatetan bi herriotan izaten den jendetza ez baita jasangarria herrietako bizilagunek bizimodu ohikoa egiten jarrai dezaten.
Kanpainari babes instituzionala
Bizikidetza arazoak ere sortzen ari dira, eta onartezinak dira zenbait jarrera. Horiei aurre egiteko aurten kanpaina bateratua martxan jarri dute bi udalek, gogorarazteko ez dutela onartzen ez eraso matxista, ez arrazista ez bizikidetzaren aurkakorik. Kanpaina horiek babes instituzional handiagoa izatea beharrezkoa ikusten dute bi udalek, eta sentsibilizazio lanak oihartzun handiagoa eduki dezan beste erakundeen babes instituzionala eskatu dute. Hortaz, Lertxundik eta Urdangarinek laguntza eskatu diote foru aldundiari jende etorrera masibo horren aurrean eta elkarbizitza arazo horien aurrean martxan jartzen ari diren zerbitzu gehigarriak aurrera eramateko.
Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ez ezik, Hernani eta Astigarragako udal ordezkariek bilera egingo dute Eusko Jaurlaritzarekin ere. Otsailaren 14an izango da bilera hori.