Berriak

Atzealdea Uda garaia herriko lau ikastetxetan mantenu lanak eta hobekuntzak egiteko baliatzen ari da Udala

2024·07·24


Ikastetxeetako udako oporrak mantenu-lanak eta inbertsioak egiteko aprobetxatzen du Udalak. Aurten, herriko lau ikastetxe publikotan udal langileak mantenu lanak egiten ari dira. Elizatxo, Langile eta Urumea ikastoletan eta, Hernaniko haurreskolan komunetan konponketa lanak, igeltseritza lanak, arotzeria-lanak, kanpoko banku eta elementuen mantentze-lanak... gauzatzen ari dira. 

Bestetik, hainbat eskola-eraikinetan lan handiagoek ere egingo dira bi hilabete hauetan. Esaterako, Elizatxo ikastolaren eraikin nagusian LED teknologia duten argiak eta pintura-lanak egingo dira.

Langile Ikastolaren Laubidieta eraikineko urmaelean ponpa berria instalatu eta aterpearen eremu batean toldo bertikala instalatuko da. Meabe eraikinean, berriz, pasabideetan pintura-lanak egin eta lehenengo solairuan, pertsiana automatikoak jarriko dira.

Haur eskolan, berriz, kanpoko eta barruko telefono sistema berritu eta segurtasuna bermatzeko sistemak instalatzeko baliatuko da uda garaia.

Urtea bukatu aurretik, bestelako lan batzuk ere egitea aurreikusten du Udalak Elizatxo, Langile eta Urumea ikastoletan.

Guztira, 498.000 € bideratuko ditu Hernaniko Udalak aurten hezkuntza zentro horien mantenu eta hobekuntza lanetara.