Berriak
Atzealdea

Arrakasta handia izan du Uda Hernanin kultur programazioak

Zuzeneko hamar ikuskizun Atsegindegin eta lau jarduera Chillida-Leku museoan. Uda Hernani programazioari esker hernaniarrok udako asteburu guztietan izan dugu kulturaz gozatzeko aukera. Guztira, 1.575 lagun hurbildu dira ekitaldietara, denak aforo mugatuarekin eta segurtasun neurriak beteta egindakoak.

2020·09·01


Dantzaz Konpainiaren Basoa dantza ikuskizunak arrakasta handiz eman zion amaiera joan den ostiralean Uda Hernanin 2020 egitasmoari. Aurten, estreinakoz, uztail eta abuztuko asteburu guztietan kultur emanaldiak izan dira Atsegindegin, aforo mugatuarekin eta segurtasun-neurri guztiak betez.

Publiko guztiei zuzendutako zein diziplina anitzetako ekitaldiak izan dira. Guztira, hamar zuzeneko emanaldi izan dira, eta horiei Chillida-Leku museoan egindako beste lau jarduera erantsi behar zaizkie, museoarekin elkarlanean egindakoak. 

Ikus-entzuleen erantzuna paregabea izan da, eta guztira, 1.575 lagun  hurbildu dira emanaldietara. Kontuan izan behar da aforoa distantzia-neurrien ondorioz mugatu behar izan dela, eta 120-200 artekoa izan da emanaldiaren arabera. Ia astero 100eko langa gainditu da, eta emanaldi askotan aldez aurretik agortu egin dira sarrerak, esaterako, Ainhoa Larrañagaren eta Maria Berasarteren kontzertuetan edo Tonbola antzerki saioan eta Basoa dantza emanaldian.

Irailean kultur ekitaldi gehiago
Udako programazioaren amaierarekin, iraila kultur ekitaldiz beteta iritsiko zaigu, udazkeneko programazioaren aurrerapen gisa.
    • Irailak 9.- Literatur solasaldia gaztelaniaz. Elena Poniatowskaren Leonora eta Thomas Mannen Muerte en Venecia, Amaia Garciaren gidaritzapean. 19:30, Biteri kultur etxean.
    • Irailak 12.- Pirritx, Porrotx eta Marimotots. 16:30, Atsegindegi plazan. Sarrerak: www.katxiporreta.eus
    • Irailak 15.- Emakumeen euskal literatura ikuspegi feministatik. Solasaldia Mari Luz Estebanekin, Kattalin Minerrek gidatuta. 19:00, Biteri kultur etxean. Gonbidapenarekin.
    • Irailak 17.- Ene ba! Antzerkia. 20:00, Biteri kultur etxean. Sarrerak salgai irailaren 7tik aurrera. 7,5 euro.
    • Irailak 19.- Oreka TX. 20:00, Atsegindegi plazan. Gonbidapenak aldez aurretik Biteri kultur etxean.
    • Irailak 19.- Musika Bandaren kontzertua. 19:00, Karabelen.
    • Irailak 20.- Maurizia naz. Aukeran konpainiaren dantza emanaldia. 19:30, Atsegindegi plazan. Gonbidapenak aldez aurretik Biteri kultur etxean.
    • Irailak 22.- Ipuin kontaketa. Maite Franko. 4-6 urteko haurrentzat, guraso batek lagunduta. 17:30, Biteri kultur etxean. Gonbidapenarekin.
    • Irailak 22.- Literatur solasaldia euskaraz. Hildakoek ez dute hitz egiten. Arthur Schnitzler, Ane Mayozen gidaritzapean. 19:00, liburutegian.
    • Irailak 30. Esnatu naiz, Andoni Mutiloaren bakarrizketa. Hitz-andana programazioaren barruan. 20:00, Biteri kultur etxean. Gonbidapenarekin.

Euskal Jairik ez
Euskal Jaiak antolatzeko batzordeak aurten Euskal Jaiak ez ospatzea erabaki du, Covid 19-ak sortutako egoerak ez baitu bermatzen Euskal Jaiak segurtasunez eta lasaitasunez ospatu ahal izatea.