Berriak
Atzealdea

Uda Hernanin programaren zortzi emanaldiek kulturarekin modu seguruan gozatzeko aukera eskainiko digute

“Iaz abiatu genuen Uda Hernanin, COVID-19aren eraginez ohikoa zen Uda Parkean programa ordezkatzeko, pandemiak irauten zuen bitartean. Ez genuen uste aurten ere egoera beretsuan egongo ginenik, baina horrela gaude eta zuhurtziaz jokatu nahi izan dugu berriro ere. Kulturaren aldeko apustua egin dugu izurritearen hasieratik eta erabaki horri eusten diogu kultura beharrezkoa delako eta segurua delak”, esan du Koro Etxeberria Kultura zinegotziak.

2021·07·12


Harekin batera egon da Nagore Irastortza Kultura teknikaria, datozen asteotako kultur ekitaldiak aurkezten.

Guztira, zortzi emanaldi izango dira, uztaila eta abuztuko asteburuetan; dantza, musika, zirkua, zinema, antzerkia... publiko guztientzako modukoak. Orain ere, Chillida Lekurekin elkarlanean, abuztuaren 7an zinema proiekzio bat egongo da. Hori izan ezik (museoan eta 10 euroko sarrera duena), gainontzeko ekitaldiak Atsegindegin eta doakoak izango dira. “Aforo murriztuarekin, eserita eta distantziarekin, gel hidroalkolikoarekin eta espazio irekia izan arren musukoarekin eta aldez aurretik gonbidapenak hartuta”, gogorarazi du Koro Etxeberriak.

Uztailaren 17an abiatuko da udako kultur eskaintza, musika bandaren kontzertuarekin. Oso kontzertu berezia izango da, Severino Vazquezen azken kontzertua izango delako. “Severino 60 urtez bandako kide izan ondoren, omenaldia egingo zaio emanaldi honetan”, azaldu du Etxeberriak.

Uztailaren 24an dantza ikuskizun bat gozatzeko aukera izango da. Lapurdiko taldeak euskal dantzetan ditu sustraiak eta adierazpen abangoardiekin uztartzen dituzte haien lanak. Hernanin eskainiko dute sortu berri duten Basaide ikuskizuna, baita pieza laburragoa den Distantzian ere taularatuko dute.  

Ikuskizun hauetarako gonbidapenak datorren astelehenean eskuratu ahalko dira, ohiko moduan, Biteri kultur etxean eta kultura.hernani.eus webgunean. “Gonbidapenak banatuko dira ikuskizuna izan eta bi aste lehenago”, esan du Kultura teknikariak.

Uztaila zirku-antzerkiaren proposamen batekin agurtuko du Hernanik, SÓ. Xanpatito Pato lanarekin. Abuztuaren 6a El Funeral. Teatro Che y Moche musika-antzerkia ikusteko aukera izango da, eta hurrengo egunean, abuztuaren 7a, Chillida Lekuko zinema emanaldia egongo da, El fotógrafo de Minamata (2020).

Gazteen ikuspuntutik sortutako eta exekutatutako Gazte dantza emanaldia etorriko zaigu abuztuaren 14an, Oinkari dantza taldearekin eta Hika Teatrorekin. Ainara Ortegaren musika emanaldia izango da abuztuaren 21ean. “Kantu malenkoniatsu batzuk dauden arren, oro har disko alaia ekarriko du Ainara Ortegak. Gainera, musikari oso onez lagunduta etorriko da Hernaniko kantaria”, adierazi du Nagore Irastortzak.

Uda Hernanin egitaraua itxiko du Express zirku emanaldiak, Cía Faltan 7-ren eskutik. Akrobaziak, oreka eta malabareekin umorea publikoaren artean zabaltzen saiatuko da nazioarteko artistek osatutako Madrilgo konpainia.

Beraz, Hernanin uda igaroko dutenek aitzakia eta aukera izango dute herrian bertan gelditzeko eta ondo pasatzeko, “egun dauzkagun bizipozarako aukera gutxietako bat, hain xuxen,  kultur ekitaldiek ematen digutelako”, nabarmendu du Koro Etxeberriak.

INFO +