Berriak
Atzealdea

Kulturaren berpiztea uda giroan

3
Uda honetan egongo da kulturaz gozatzeko aukera, beti ere arduraz. Denbora luzez egon gara zuzeneko kultur ekitaldiez gozatzeko aukerarik gabe, eta apurka-apurka batzuk antolatu diren arren, udako hilabeteetan egongo da horretarako parada. Betiko moduan, diziplina ugarik izango dute lekua Hernaniko kultur programazioan: musika, dantza, antzerkia, bertsoak, txotxongiloak, baita izarren behaketa ere. Denak aire librean, Atsegindegin eta Chillida Leku museoan.

2020·07·03


Ezohiko uda datorkigu, ez dago esan beharrik. Baina berezitasun horren barruan, kultura ez da faltako Hernanin. Horretarako, kultura herritarren eskura jarri ahal izateko, egokitzapen batzuk egin behar izan dira, segurtasuna bermatze aldera. Hala, herrigunean egingo diren ekitaldi guztiak Atsegindegin izango dira. Eta Udalak eta Chillida Lekuk duten elkarlana dela eta, beste ekitaldi batzuk museoan bertan izango dira.

Esan bezala, uda hau berezia izango da. COVID-19ak baldintzatua. Horren ondorioz, “jende askok oporraldia herrian igaroko dute eta egokia iruditu zaigu herrian bertan kulturaz gozatzeko eskaintza zabal bat egitea”, esan du Koro Etxeberria Kultura zinegotziak.

Atsegindegin izango diren ekitaldiak doakoak izango dira, baina sarrera aldez aurretik eskuratu beharko da. Biterin egongo dira eskuragai, goizez. Astelehenero hasiko dira banatzen aste horri dagozkion ekitaldien sarrerak. Chillida Lekuko ekitaldien sarrerak ordaindu beharko dira eta ohiko moduan eskuratu ahalko dira.

Segurtasun neurriei dagokienez, “Kulturaz gozatu elkar zaindu” ekainaren amaieran antolatu ziren ekitaldietan bezala arituko da Udala udan ere. Eserita, distantzia gordeta, sarbideak eta irteerak bereizita, sartzeko maskara jantzita eta eskuak garbituta.

EGITARAUA (eskuorria)

UZTAILAK 11
MUSIKA: Musika Bandaren udako kontzertu berezia.
19:30ean

UZTAILAK 18
HAUR ANTZERKIA. Crusoe. Markeliñe konpainia.
19:00etan

UZTAILAK 25
DANTZA TAILERRA. Eskulturak betetzea. Myriam Pérez Cazabon
11:00etan. Chillida Lekun.
Sarrera: 6 €. Familientzat (6-12 urteko haurrak)
*Chillida Leku museoarekin lankidetzan

MUSIKA. Ainhoa Larrañaga eta banda
Haritz Lauroba bateria, Iker Lauroba baxua eta kontrabaxua, Amaia Miranda gitarra, Garazi Esnaola pianoa
20:00etan

UZTAILAK 26
TXOTXONGILOAK. Trashhhhh!
12:00etan. Chillida Lekun
Sarrera: 6 €. Familientzat (+5 urte)
*Chillida Leku museoarekin lankidetzan

ABUZTUAK 1
BERTSO-ANTZERKIA: Erik eta Win. Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariak, Imanol Kamio pianoa eta eskusoinua, Aitor Atxega gitarra.
20:00etan

ABUZTUAK 8
MUSIKA: Lurra eta bidea. Maria Berasarte.
Joseba Irazoki gitarra, Igor Telletxea perkusioa, David Azurza ahotsa.
20:00

ABUZTUAK 12
IZARREN BEHAKETA. Pertseidak. Aranzadi Zientzia Elkartea
Chillida Lekun.
19:00etan ateak irekitzea; 23:00-03:00 behaketa
Sarrerak: 10 € helduak, 5 € (8-18 urte)
*Chillida Leku museoarekin lankidetzan

ABUZTUAK 14
HAUR ANTZERKIA: Panoli kabareta. Ganso & Cía.
19:00etan.

ABUZTUAK 21
ANTZERKIA: Tonbola. Hika Teatroa.
20:00etan

ABUZTUAK 22
IZPIGRAMEN TAILERRA. Argiaren bila. Nagore Legarreta
11:00etan. Chillida Lekun.
Sarrera: 6 €. Familientzat (6-12 urteko haurrak)
* Chillida Leku museoarekin lankidetzan

ABUZTUAK 28
DANTZA: Basoa. Dantzaz konpainia.
20:00etan

1 2 3