Berriak
Atzealdea

Ikasturte honetan mamitu diren proiektuei errepasoa egiten dio udal aldizkariaren ale berriak

Gaur bertan hasiko da etxe guztietara banatzen udal aldizkaria. 12 orrietan, 2021-2022ko ikasturte honetan gauzatu diren ekimen, egitasmo eta obra batzuk gogora ekartzen ditu. Legealdi honetako 3. alea da.

2022·05·13


Oraingo alean leku berezia du Hernani Burujabe proiektu berritzaile eta eraldatzaileak. Izan ere, azken hilabeteotan Hernanin egon den proiektu garrantzitsuenetakoa da. Urriaren 1ean abiatu zen ofizialki eta orduz geroztik bidea urratu duten eta mamitu diren egitasmo batzuk azaltzen dira orriotan. Sektore desberdinen errepaso laburra egiten da: energiaren ereduaren trantsiziorako bidean, gaiarekiko sentsibilizazioa lantzeaz gain, Enherkom herri kooperatiba ere sortu dute herriko zenbait eragilek. Zaintza alorrean, jardunaldiak egin dira eta auzozaintza programa ere martxan dago honez gero.

Elikadura burujabetzaren inguruan ere pauso garrantzitsuak eman dira: lehen sektoreko herriko ekoizleak batzen dituen Henase kooperatiba eta Herrilur kontsumo kooperatiba sortu dira. Herrilurrek, gainera, tokiko produktuen merkaturatzea errazteko denda ere zabaldu berri du Izpizua kalean. Moneta sozialari dagokionez, Ekhilurren sarera ere pixkanaka-pixkanaka ari dira dendak atxikitzen.

Egindako obra nagusien berri ere ematen da aldizkarian: Lizeaga auzoko Madalena kalearen urbanizazioa, urteko asfaltatze kanpaina zabala, eta arrakasta handia izaten ari den Garbigune mugikorra.

Horietaz gain, beste arloetan ere ekimen oso interesgarriak burutu dira ikasturte honetan. Adibidez, kultura arloan, Geuretik Sortuak Euskal Herriko sortzaileak eta sorkuntza sustatzeko programa, feminismoaren eta kulturartekotasunaren arloan erreferenteak diren zenbat pertsonaien biografiak eta ekarpenak plazaratzeko Gobara podcastaren sorrera, Kulturarteko Plaza Feministaren eraikinak energia-eraginkortasunarengatik lortu duen passivhaus ziurtagiri aintzindaria. Zaintzaren arloan, etxez-etxeko langileen lan-baldintzak duintzeko asmoz, Udalak 290.000 euroko urteko ekarpena gehitu izana ere kontuan hartzekoa da.

Europako Funtsetatik orain arte herrira iritsi diren 350.000 euroak merkataritza sustatzeko eta mugikortasuna hobetzeko gauzatzeko baliatu direla ere azaltzen da orriotan.

Urbieta kalea oinezkoen aisialdirako berreskuratu dela eta ehunka hernaniarrek erabiltzen dituzten kirol azpiegituren -futbol eta errugbi zelaien- etorkizuna hobetzeko urratsak emango direla ere albiste nabarmenak dira.

Eskuartean dauden beste hainbat proiektu ere zerrendatu dira ale honetan: Portu-Karabel oinezko bidea, Florida 08 eremuan eta Urumea ikastola zaharraren eremuan planifikatuta dauden bi urbanizazio proiektuak ere mahai gainean daude eta plaka fotovoltaikoak eraikin publikoetan jartzeko proiektua, besteak beste.