Berriak

Atzealdea Udal Jolas Igerilekuak ekainaren 15ean irekiko dira

Jolas igerilekuak ekainaren 15an irekiko dira eta irailaren 10era arte erabili ahalko dira. Bi modu daude bertara sartzeko: abonatu txartela eginda edo aldian aldiko sarrera erosita. Abonatu txartela jadanik egin daiteke, online edo aurrez aurre, Kiroldegiko bulegoan. Jolas igerilekuetan bertan egiteko aukera ere izango da, ekainaren 15etik aurrera.

2023·05·25


Sarrerak erosi nahi dituenak online egin dezake, igerilekuetako kanpoaldeko makinan edo harreran bertan. Egun berean edo bezperan eros daitezke txartelak. Beti bezala, Hernaniko eta Astigarragako kiroldegietako abonatuek prezio berezia izango dute.

Gogoan izan behar da instalazioaren aforoa edo edukiera 1.500 pertsonakoa dela. Abonatuentzat erreserbatzen dira edukieraren bi herenak (1.000) eta, beraz, egunero salgai jartzen den sarrera kopurua mugatua da. Hala izanik, abonatua izanagatik ere inork ez du sarrera ziurtatua izango, igerilekuko edukiera ezingo baita gainditu.

Uretan, berriz, gehienez 500 lagun egon daitezke aldi berean. Jendetza handiko egunetan, bandera gorria jarriko da eta uretan sartzeko 20 minutuko txandak ezarriko dira.

Ildo horretan, aipatu behar da, urtero bezala, udal jolas igerilekuetako unean-uneko  okupazioa zein den jakin nahi duenak kirola.hernani.eus webgunean ikus dezakeela, bertan uneoro eguneratzen da datu hori.

Igerilekuetan bertan, sarreran jarriko den pantailan, ere ikusi ahalko da okupazio mailaren datua. Erabiltzaileei gomendatzen zaie igerilekuetara joan aurretik okupazioa begira dezaten.

Aurten berritasun batzuk egongo dira instalazioetan: batetik, tornu bat gehiago jarri da, ilarak saihesteko, eta, bestetik, irisgarritasuna bermatzeko asmoz, beheko igerileku handira sartzeko belardia egokitu da.