Berriak
Atzealdea

Udal jolas igerilekuak pandemiaren aurreko egoerara itzuliko dira

Udaren atarian eta tenperaturak igotzearekin batera, igerilekuetara joateko grina piztu ohi zaigu. Hernanin, urtero bezala, jolas igerilekuak irekiko dira ur freskoan murgiltzeko grina hori asetzeko. Aurtengo berritasuna da lehengo baldintzak berreskuratuko direla, pandemiaren aurreko egoera, normaltasuna deritzona, itzuliko dela.

2022·05·27


Horrela, goizeko eta arratsaldeko txandak ahaztu eta egun osoko egonaldirako aukera itzuliko da (10:00etatik 20:30era). 1.500 lagunen aforoa (instalazioetan) eta 500 pertsonakoa (uretan) berreskuratuko da, alegia. Horrekin batera, txikienek eta ez horren txikiek azken bi urteotan haien falta nabaritu duten txirristak ere irekiko dira. Baita aldagelak eta taberna ere.

Sarrerak eta abonuak

Igerilekuetara sartzeko eguneko sarrera edo denboraldiko abonua daude aukeran. Sarrerari dagokionez, webgunean edo igerilekuetan bertan eskura daiteke. Igerilekuetako harreran jende pilaketak saihesteko, kanpoaldean makina bat jarriko da, eta bertan sarrerak eskuratu ahalko dira kreditu txartelarekin ordainduta.

Denboraldi osoko abonuak ere egin ahalko du herritar orok. Kasu honetan ere, bi modu egongo dira: webgunearen bidez (ekainaren 6tik aurrera) eta aurrez aurre, jolas igerilekuan bertan (ekainaren 14tik aurrera).